[BIDEOA] Nerea Ibarzabalek eta Higinia Garayk ‘Jakelinen egunerokoa’ aurkeztu dute

Kimu ipuin bildumaren argitalpen berria da honakoa eta Ikaselkar hezkuntza-argitaletxearen eskutik ikusi du argia.

Nerea Ibarzabalek (Markina, 1994) idatzi eta Higinia Garayk (Bilbo, 1978) ilustratu duten Jakelinen egunerokoa izeneko liburua plazaratu du Ikaselkar argitaletxeak lehen irakurleei zuzenduta. Kimu proiektuaren ipuin bildumaren argitalpen berria da honakoa.

Jakelin guraso eta anaia txikiarekin bizi da. Oso neskatila irudimentsua da. Egun batean, afalorduan, ustekabeko aurkikuntza egingo du: bere familia ez da bere benetako familia, beste mundu batetik dator, beste planeta batetik. Hortik aurrera, sekulakoak egingo ditu bere jatorrizko etxera itzultzeko.

Kimua ipuin bilduma

Kimu ipuin bilduma 5-6 urtetik aurrerako umeei zuzenduta dago. Mundua zein gizakia ulertzen eta ezagutzen, eta irudimena eraikitzen eta lantzen bidelagun izan nahi du. Hitzen eta irudien bidez, irakurle gaztetxoenak entretenitu, irakurketan trebatu, hizkuntzan aberastu eta arteaz gozatzen irakastea ere badu helburu.

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak 2020ko azaroan abiatu zuen Kimu bilduma, eta ordutik hona hamaika liburu argitaratu ditu. Bilduma honetakoak dira honako beste ale hauek ere: Nire gorputzean bizi naiz, Juan Kruz Igerabidek idatzia eta Ainara Azpiazu Axpik ilustratua; Badauzkat nire zulotxoan…, Alaine Agirrek idatzia eta Irrimarrak ilustratua; Galdu dena azaldu dadila!, Garazi Kamiok idatzia eta Julen Ribasek ilustratua; Loinatzen loa, Castillo Suarezek idatzia eta Mikel Anterok ilustratua; Familia xelebrea, Anjel Lertxundik idatzia eta Jokin Mitxelenak ilustratua; Letren jolaslekuan, Yolanda Arrietak idatzia eta Eider Eibarrek ilustratua; Hanka, moko eta buztan. Animaliekin dantzan, Xabier Olasok idatzia eta Sandra Garayoak ilustratua; Itsas haizea dabil, Junkal Lertxundik idatzia eta Asier Iturraldek ilustratua; Tik, bakarrik. Tak, ikarak, Patxi Zubizarretak idatzia eta Maite Gurrutxagak ikustratua; Itzal itzela, Leire Bilbaok idatzia eta Yolanda Mosquerak ilustratua; eta Zarata DO maiorrean, Iban Barrenetxearena.

(Bideoa: Nerea Ibarzabal)

 

Zabaldu: