Donostiarrak sortutako ilustrazioak ekainaren 8ra arte egongo dira ikusgai Aieteko Kultur Etxean.
Nerea Urrestarazu (Donostia, 1975) Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu zen eta bere lana beti egon da irudiekin lotuta.
Artistaren ibilbidearen hasieran, 20 urte inguru eman zituen EITB eta Bainet Komunikazio Taldean telebistako errealizadore lana egiten. 2013an Koloreka (Koloreka illustration & Prints S.L.) sortu zuen, bere marka propioa, eta bertako zuzendari artistiko eta ilustratzailea da orduz geroztik. Proiektua istorioak kontatzen jarraitzeko asmoz sortu zuen Urrestarazuk eta estudioa arte galeria eta denda da aldi berean. Donostiako Alde Zaharrean kokatuta dago eta, bertan, bereziki Donostiari lotutako ilustrazioak topatu daitezke, egunerokoa estilo garaikide eta hurbilean irudikatzen dutenak.
Donostiarrak erakusketa ezberdinetan parte hartu du. 2018an, esaterako, hamaika ilustrazioz osaturiko Begimugan erakusketa sortu zuen Ane Zaldibarrekin batera. Bertan, itsasoatik Donostiarekin lerro zuzenez loturiko munduko zenbait leku irudikatu nahi izan zituzten.
Begi-bistan dagoenari balioa ematea maite du ilustratzaileak, eszenaren zerbitzura dauden askotariko tresnak erabiliz. Hutsak eta zuriak maite ditu eta, kontzeptualki, lasaitasuna nagusi duten lekuak edo eszenak erretratatzen ditu.
Bestalde, haur literaturaren esparrua ez da Urrestarazuk bere ibilbidean zehar gehien landu duena, hala ere, 2024an, Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera urtero antolatzen duen Biko-Teka tailerrean parte hartu zuen Ekiñe Egiguren idazlearekin batera. Bertan, haurrei zuzendutako albumak sortzeko prozesuan murgildu zen astebetez Harkaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea gidari izan zituelarik.
Aieteko Ilustratzaileen Txokoan egingo duen erakusketak bide berrien bilaketan aurrera egiteko aukera eskainiko diola uste du.
Ilustratzailearen Txokoa
2012ko urrian, Aiete Kultur Etxean Ilustratzailearen Txokoa ireki zenetik, bertatik ilustratzaile klasiko eta berriak igaro dira: Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalon, Jon Zabaleta, Belen Lucas, Leire Urbeltz, Marrazioak topaketetako artistak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena Mattin, Ainara Azpiazu Axpi, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Dani Maiz, Lorena Martinez, Idoia Beratarbide, Tomas Hernandez Mendizabal, Iraia Okina, Dani Fano, Andrea Escargot, Iker Ayestaran eta Yolanda Mosquera, Asier Iturralde, Miren Asiain, Paul Caballero, Irrimarra bikotea Ana Ibañez, Ane Arzelus, Iñaki Landa, Maite Rosende eta Sandra Garayoa, Iban Illarramendi, Leire Salaberria Ivan Mata Arkaitz Barriola Maitane Bautista, Mai Egurza, Raquel Samitierra, Aritz Trueba eta Olaia Martinez. Orain, Nerea Urrestarazuren txanda da.