(argazkiak: Vital Fundazioa)

Nestor Basterretxearen 300 artelan inguru ikusgai Gasteizen

Obra horietako asko inoiz argitaratu gabeak dira. Abenduaren 8ra arte egongo da erakusketa ikusgai Gasteizko Vital Fundazioaren erakusketa zentroan.

Nestor Basterretxea artistaren (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) ia 300 obra biltzen dituen erakusketa paratu dute Gasteizko Vital Fundazioaren erakusketa zentroan, horietako asko inoiz argitaratu gabeak dira. “Atzera begirako honekin, artistaren unibertso sortzailea publikoari hurbildu nahi diogu, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal eskulturaren berritzaile nagusietakoa baita”, nabarmendu du Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Gorka Basterretxea artistaren seme eta erakusketaren komisarioarekin batera egin duen agerraldian.

Erakusketan artistaren sortze-prozesuaren bi alderdi bereizgarri nabarmentzen dira. Lehenengoa, marrazkia. Arkatza, errotuladorea eta papera bere obra askoren hasiera izan ziren.  Bigarrena, berriz, Basterretxearen lanaren produkzio metodo oso bereizgarri batean oinarritzen da; berak bertsioak deitzen zuena. Marrazki bat eskultura, bolumetria, kartel, arkitektura, collage edo fotokonposizio bihurtzeko birziklatze edo birmoldatze segidak dira. Artelan batek bere diziplina gainditu eta beste askorekin nola lotu daitekeen azaltzen digute bertsio hauek. Bestetik, artistak bere obrari buruz egiten zuen etengabeko berrikustea.

Erakusketa hiru bloketan

Erakusketa artistaren lanaren 60 urte baino gehiagoko berrikuspena da, eta hiru gune handitan banatuta dago. Figuratibotik abstrakturako bidaia, planotik espaziora eta imajinatutik sakratura. Basterretxearen izaera polifazetikoa islatzen dute hiru gune hauek: pinturan hasi zenetik eskulturan sartu arte, baina zinemagintza, diseinu industriala, grafikoa eta altzarien diseinua, arkitektura eta hirigintza, argazkigintza, kartelgintza edo idazketa ahaztu gabe.

Erakusketa honen ibilbidea Sakratuaren inguruan bildutako obrekin abiatuko da. Bertan daude, besteak beste: Gurutze-bidea saila, 1950ean Buenos Airesen margotutako segida osatzen duten hamalau lanetatik hiru; Basilikarako zirriborroak, Arantzazuko Basilikako kriptarako eskultura-proiektua eta pinturak; Euskal segida kosmogonikoa izenpean Basterretxeak 1972. eta 1975. urteen artean egindako bost eskultura; 1977an sortutako Ilargi-amonaren maskarak; Disko formako hilarriak; eta Lasarteko elizarako gurtzako objektuak.

Bigarren blokea Figuratibotik abstraktura da, bere formazio aldian zehar egindako ibilbidea. Bertan, marrazkietan, pinturan eta muralismoan egindako lehen saiakerak errepasatzen dira. Teknikak oso ondo menderatzen zituen txikitatik, figuratibismotik gaur egun Basterretxeari egozten zaion estilo abstraktura igaro zen.

Planotik espaziora dugu hirugarren blokea, pinturatik eskulturara pasatzen dena, lerroak planoan duen zeregina ulertzeko eragatik. “Une batean konturatu nintzen kurbaren arabera eta bihurgunearen bortxaren arabera egiten nuen lerro horrek planoa hausteko ahalmena zuela. Eta orduan konturatu nintzen hor hirugarren dimentsio bat zegoela. Eta burdinazko xafla bat hartu eta nire irudimenean gertatzen ari zela sentitzen nuena fisikoki egin nuen”, azaldu zuen Basterretxeak. Bloke honetan daude forma diskoidalak, fotomuntaketak, argazkigintza esperimentala eta diseinu industriala, besteak beste.

Zabaldu: