(argazkiak: Asisko Urmeneta)

‘Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik’ dokumentala sortzeko diru bilketa kanpaina martxan

Proiektuarekin belaunaldi berriei intolerantziaren aurkako espiritu kritikoa transmititzea dute helburu.

“Zein irudi daukagu sorginaz? Zer transmititzen diegu belaunaldi berriei ipuinetan, plazetan eta ospakizunetan? Irudi hori, errealitate historikora hurbiltzen ote da? Justizia egiten al die bidegabeki ehizatu, zigortu eta ahaztutako milaka pertsonei? Imajina dezakegu beste irudikapen, zintzoagorik?”, galdera horietatik abiatuta Asisko Urmeneta eta Aitor Karasatorre Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik izeneko dokumentala ontzeko prozesuan murgilduta daude bete-betean.

“Duela 500 urte gertatu zen Auritzen lehen exekutatze kolektiboa sorginkeriagatik: Nafarroan aurkitu berria zen sekta satanikoa, eta kondenatuei zigor eredugarria ezarri zitzaien: urkamendian akabatu ondoren gorpua erretzea. Sarraski hark hasiera eman zion mende oso bat iraun zuen jazarpenari, non milaka pertsona akusatu eta bidegabeki kondenatu zituzten. Zer ezkutatzen zaigu ke lodi horren atzean?”. Urmenetaren esanetan, prozesu historiko ilun hura argitzen saiatuko dira argitzen dokumentalarekin.

Hala, sorgin-ehiza ikertzeko bidaia bat egiten ari da lantaldea Euskal Herrian barna. “Sorgin-ehizak gehien zigortu zituen eskualdeetan, jazarpen latz hari buruzko narratibaren berrirakurketa bat gertatzen ari da oraintxe bertan. Mendiko eskualde horiek isildutako egia transmititzen duten mezuak gorde dituzte, antzinako mitoetan enkriptatuta”.

Aurkikuntza-bide honetan lagundu, eta ahotsa eman nahi du lantaldeak, “tokiko aktibisten eta nazioarteko adituen laguntzaz, eta guztien artean ustekabeko ondorioak” plazaratuko dituztela zehaztu dute. Era berean, “bidegabekeriaren orbana konpontzen, saiatzen ari gara; Zugarramurdiko plazan jarritako ikono iraingarria kentzen lagundu dugu, Senperen errepresaliatuen izen ona berreskuratzeko prozesuan parte hartu, edota Anotzibarren sorgina barik inkisidorea erretzen den antzezpena iruditan hartu dugu”.

Bisualki ere, proposamen berritzailea dakar lantaldeak. “Bidaia honen narrazioak irudikapen historikoak eta marraztutako irudiak uztartuko ditu, kontakizunei bizia emateko. Teknika horri esker, kaltetutako pertsonen testigantzekin konektatu ahal izango dugu, indarturik gertatuko baitira nazioarteko adituen tesiekin (Natalia Silva Prada, William Monter, Sophie Houdard…)”.

Diru bilketa kanpaina

Ekoizpenean laguntzeko diru bilketa kanpaina Goteo plataformaren bidez egongo da martxan abenduaren 28ra arte eta jasotzen dena proiektua aurrera eramateko izango da.

Zabaldu:

Utzi erantzuna