[BIDEOA] ‘Ni, munduko txarrena’ antzezlana estreinatuko dute asteburuan, Donostian

Ikuskizunaren euskarazko bertsioa hilaren 28an eta 29an taularatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, arratsaldeko 20:00etan. Musika, umorea, melodrama erromantikoa, tragedia eta amaierarako, ikusleek bakarrik izango duten erantzuna biltzen ditu antzezlanak.

Vaiven ekoiztetxearen eskutik dator otsailaren 28an, ostirala, eta 29an, larunbata, Donostiako Antzoki Zaharrean euskaraz estreinatuko den Ni, munduko txarrena izeneko antzerki obra. Olga Margalloren gidaritzapean, Ugaitz Alegria, Nerea Gorriti, Ainara Ortega, Dorleta Urretabizkaia eta Itxaso Quintana aktoreak ikusiko ditugu oholtza gainean.

Ni, munduko txarrena gaurkotasun handiko ikuskizun musikala da, guztiari eta guztiei aurre egiten dien emakume baten istorioa. Bere bertsoen indarrez, Sor Juana Ines de la Cruzek aginterri dekadente bateko gorte koloniala liluratuko du. Bertan boteretsuen maitale bihurtuko da, Urrezko Aroaren musa eta bere espiritu menderakaitza oinperatu ezin duen Elizaren biktima.

“Ikuskizun bitalista da, kolorez, musikaz, edertasunez eta bere garaian jenioa izan zen emakume baten irudimenaz kutsatua, gaur egun ere harritzen jarraitzen gaituena”, diote Vaiven Ekoiztetxekoek. Musika, umorea, melodrama erromantikoa, tragedia eta amaierarako, ikusleek bakarrik izango duten erantzuna biltzen ditu antzezlanak.

Informazio gehiagorako: Vaiven Producciones.

Sarrerak eskuratzeko hemen edo egunean bertan Donostiako Antzoki Zaharreko leihatilan.

Zabaldu: