Zinemaldiko Gazte Epaimahaian izena emateko epea martxoaren 7ra arte egongo da zabalik . Gaurtik aurrera ikastetxeek ere izena eman ahal izango dute Zinemaldiak haur eta gazteei urtero eskaintzen dizkien proiekzioetarako. Zutik!, Tximinoen izarra eta Maixabel izango dira aurten eskainitako film luzeak.
Nilofar Bayat ekintzaile eta saskibaloi jokalari afganiarra da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 19. edizioko karteleko protagonista. Zinemaldia 2022ko apirilaren 1etik 8ra izango da, Victoria Eugenia Antzokian eta hiriko beste agertoki batzuetan.
Aurten, Zinemaldiko kartelak alde batera utzi du azken urteetako ildo kontzeptuala, eta bere herrialdeko emakumeen eskubideen aldeko borrokalari hau izango du protagonista. Argazkia SISU 360ยบ (Jotta Zubiria & Uxue Montero) enpresak egin du eta kartela Ytantosek diseinatu du.
Nilofar Bayat neskatila bat zen talibanen miliziak jaurtitako obus bat bere etxera sartu zenean, eta anaia bat hil eta hura larriki zauritu zuenean. Harrezkero, mugitzeko arazo larriak ditu. Talibanak boteretik irten zirenean, Nilofar ikasten hasi zen, hasieran bigarren hezkuntzan eta gero unibertsitatean. Bertan Zuzenbide ikasketak egin zituen. Nazioarteko Gurutze Gorrian aritu zen lanean GKE honek Kabulen duen errehabilitazio-zentroan. Bertan, kirol-jarduera bultzatu zuen dibertsitate funtzionala duten emakumeen kolektiboaren barruan, eta horrela eratu zen gerora gurpil-aulkiko saskibaloiko selekzio nazionala. Taldeko kapitaina zela, nazioarteko lehiaketa askotan parte hartu zuen, eta partidu ziklo berri bat prestatzen ari zirenean, erori egin zen Afganistango Gobernua, Estatu Batuek koordinatutako koalizio militar batek babestua. Momentu hartan Nilofarrek argi ikusi zuen, talibanek bere garaian bere gorputz zati bat kendu bazioten, kendu egingo ziotela orain berak eraikitako guztia eta, batez ere, bere herrialdeko emakumeen berdintasun eta aurrerabiderako itxaropena. Hala, ez zuen tarte batez ere pentsatu: bere bizitza arriskuan zegoela sinetsita, lagun zituen kazetarien bitartez SOS dei bat zabaltzea erabaki zuen, eta erantzuna izan zuen Espainiako gobernutik; honek pase bat eman zion Kabuletik ebakuatzeko.
Bertan, Bidaideak dibertsitate funtzionala duten pertsonen elkarteak eskua luzatu zion bere bizitza berrantolatzen has zedin. Saskibaloian jokatzen du bere taldean, Bidaideak Bilbao BSRn, eta beste emakume batzuekin Free Women for Afghanistan eratu du, bere herrialdean desgaitasuna duten emakume taldeekin lankidetza proiektuak garatzeko eta, batez ere, talibanen gobernuak emakume horiek eraman nahi dituen egoera salatzeko.