(argazkia: Galder Izagirre)

Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren Saria irabazi du

Bikote donostiarrak hirugarren aldiz jaso du sari hau. Etxepare Euskal Institutuaren saria eskuratzeko hautagai finalistak ere bertaratu ziren ekitaldira: Merina Gris, Olaia Inziarte, Vulk eta Zea Mays taldeak, hain zuzen.

Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak irabazi du musika independentearen MIN sarietako Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria. Mallorcako Palmako Auditoriumean egin zen bart sari banaketa. Etxepare Euskal Institutuaren saria eskuratzeko hautagai finalistak ere bertaratu ziren ekitaldira: Merina Gris, Olaia Inziarte, Vulk eta Zea Mays taldeak, hain zuzen.

Epaimahaiak Niña Coyote eta Chico Tornado Vs Don Condor eta Ñora Alacrán (2022) diskoagatik egin die aitortza taldea osatzen duten Usua de la Fuenteri eta Koldo Soreti.  Haien azken album honetan, cumbia estiloa nabarmentzen da, haien ezaugarri bereizgarria den rocketik aldenduz. Lan honetan askotariko musika tresnak erabili dituzte donostiarrek: baxua, gitarra, akordeoia, zintzarria, güiroa, ur-makila… Emaitza mexikar eragina duten doinuak eta musika elektronikoa uztartzen dituen diskoa da. Saria Paula Mateus abeslariaren eskutik jaso zuten.

Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Euskal Institutua Saria eskuratzeko Arima Soul, Bulego, Eñaut Elorrieta, Esti Markez, ETS (En Tol Sarmiento), Ezpalak, Goxua´n Salsa, Ilargi, Ines Osinaga eta Mikel Urdangarin ere lehiatu dira. Aipatutako artistak publikoaren bozketaren ostean, final erdietara iritsi ziren. Ostean, epaimahaiak artista finalistak aukeratu zituen: Merina Gris, Olaia Inziarte, Vulk, Zea Mays eta Niña Coyote eta Chico Tornado. Eta azken hauek gailendu dira sariketan.

Beste kategoriatan ere lehiatu dira artista horietako asko. Izan ere, ugariak dira kategoriak; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskara, katalanera, galegoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain: diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…

Kategoria guztietako irabazleak MIN sarien webgunean daude kontsultagarri.

Zabaldu: