Nitido, edo nola erakarri publiko gaztea museora

Gasteizko Artium Museoak topaketa bat antolatu du publiko gaztea eta arte-zentroen artean harreman iraunkorra ezartzeko moduak aztertzeko. Lehen jardunaldian Desmusea eta La Liminal taldeek eta Xirou Xiao artistak hartuko dute parte.

Artium Museoak Nitido zikloaren lehen topaketa antolatu du, museoetan gazteen parte-hartzea susta dezaketen ekintzak identifikatzeko asmoz. Zikloa ostiral honetan abiatuko da, irailak 23, Desmusea eta La Liminal kultur bitartekaritzako kolektiboen parte-hartzearekin eta Xirou Xiao artistaren performance batekin. Sara Berasaluce da komisarioa, Artium Museoko Hezkuntza taldearekin koordinatuta. Sarrera doakoa izango da.

Nitido gazte jendearen parte-hartzea areagotzeko bideak identifikatzeko helburua duen programa da. Azaldu dutenez, egitasmoa “ezagutzak partekatu eta museoko programak partekatzeko moduak elkarrekin aztertuko dituzten bitartekotza-eragileen arteko noizbehinkako hitzorduetan zehar garatuko da. Topaketei esker, gainera, museoaren, ehun artistikoaren eta hurbileko komunitatearen arteko loturak sendotu ahal izango dira”.

Desmusea izango da parte hartzen lehena, Clara Harguindeyk eta Daniel Pecharromanek osatutako kolektibo artistikoa. 2018. urteaz geroztik, erakunde kulturalen eta publikoen arteko bitartekaritza-proiektuak garatzen ditu biko honek, teknologiaren eta pentsamendu digitalaren bidez. Haien ibilbidearen zati bat publiko gaztearentzako bitartekaritzarekin lotuta egon da, eta equipo1517 gazteen komunitatea koordinatu dute Madrilgo Reina Sofia Museoan, besteak beste. Museoak gazteentzako espazio ireki eta parte-hartzaileak bihurtzeko moduari buruz arituko da Desmusea, baita teknologiak helburu horretan lagun dezakeen edo oztopo den ere.

Yolanda Riquelmek eta Beatriz Martinsek La Liminal bitartekaritza-taldea osatzen dute. La Liminalek hiriari buruz ikertzen du, eta hiri-ibilbidea erabiltzen du lan-tresna nagusi gisa, topaketa eta trukerako testuinguruak sortzeko, hiri-paisaia eta haren istorioak taldean aztertu ahal izateko, hainbat forma hartzen dituzten proposamenekin. Nola jazarri sator bati? izeneko ekintzan, hiri orok bere baitan hiri kopuru amaigabea duela erakutsiko dute, esploratzen den prismaren arabera agertuz doazenak. Espazio publikora hurbiltzeko beste modu batzuk proposatuko dituzte, hura osatzen duten istorioak aztertuz eta zalantzan jarriz. Istorio horietako batzuk ikusgarriak dira eta beste batzuk lurpean geratzen dira, pertsona bakoitzari dagozkion beste istorio batzuk idatzi ahal izateko.

Arratsaldeko saioari hasiera emateko, Magnet-Erakarri proiektua aurkeztuko da, eta Barrutia Ikastolako Marimar Buenok eta Garaigortak Etorkizuna proiektatuz erakusketa bisitatuko dute.

Azkenik, jardunaldia amaitzeko, Xirou Xiao artistak esku hartuko du. Xirou Xiao kulturarteko bitartekaria eta kultur kudeatzailea da, eta Cangrejo Pro Performance Konpainiaren sortzaile eta zuzendaria. Performancea, kulturen arteko bitartekotza eta komunitate gazte eta arrazializatua izenburupean, artista honek Gasteizko kolektibo arrazializatuei eta etorkinen komunitateari buruzko tokiko eta gizarteko errealitatearen ikerketa bat partekatuko du, eta performanceari, hezkuntzari eta kulturarteko bitartekaritzari buruz museoekin eta arte-zentroekin egindako praktiken adibide batzuk aurkeztuko ditu. Amaitzeko, arrazakeriaren aurkako identitateari buruz esperimentatzeko ariketa batzuk proposatuko ditu.

Zabaldu: