Eszena sortzen dantza eta musika ikuskizun inprobisatua ere antolatu dute gaur, 20:00etan.
Nokodek bideo sormen eta musika festibalaren bederatzigarren edizioa antolatu dute bihar, larunbata, Hendaiako Borderline Fabrikan. Donostia eta Pasaiako hainbat gunetan egin ostean, bigarren urtea du Hendaian festibalak.
Aurtengo edizion Nokodek jaialdiak Adimen Artifizialari erreparatuko dio, horretarako tailer integrala proposatuz. Alde batetik idazketa jorratuko dute Oier Guillan antzerkigile eta idazlearen eskutik, testu horietatik abiatuta, adimen artifizialaren bidezko irudien sorkuntza landuko dute. Miriam RZM-k, bere aldetik, idazketa tailer horretan sortutako irudiekin batera mugimenduan oinarritutako soinu inprobisazioa eskainiko du.
Egun bakarreko tailer azkarra egingo dutela zehaztu dute antolatzaileek. Horrez gain, urtero bezala, musika izango da, kasu honetan Lumi taldearen eskutik. Bikoak Nagore Legarreta argazkilariarekin batera emanaldi berezia antolatu du.
Egunari amaiera emateko, gaueko 22:30ean DJ Nokodek dantzaldia antolatu dute.
Jarduera ugari apirilean
Borderline Fabrikako lagunek hainbat jarduera antolatu dituzte apirilerako. “Ez dakigu zehazki zer gertatuko den hilabete honetan, baina guk badaezpada hitzordu ugari prestatu ditugu, elkartu gaitezen, proposamen artistikoez goza dezagun, gogoeta egin, oraina asmatzen jarraitu”.
Nokodek festibalaz gain, Eszena sortzen dantza eta musika ikuskizun inprobisatua izango da gaur 20:00etan.