(argazkia: Euskaltzaleen Topagunea)

‘Nola antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mugimendua?’ izenburupean dator aurtengo Topaldia

Euskaltzale autoeratuen tokian tokiko antolakuntza ereduak ezagutzeko abagunea eskainiko du jardunaldiak. Horretaz gain, etorkizunera begira baliozkoak izan daitezkeen ereduen inguruan elkarrekin pentsatzeko espazioa sortzea du helburu.

2020ko otsailaren 6an izango da Topaldiaren edizio berria, Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan. Oraingoan, antolakuntza ereduen inguruko gogoetak ardaztuko du jardunaldia, izenburuak berak adierazten duen bezala: Nola antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mugimendua?.

Jardunaldiak helburu bikoitza dakar: alde batetik, euskaltzale autoeratuen tokian tokiko antolakuntza ereduak ezagutzeko abagunea eskainiko du; eta, beste alde batetik, etorkizunera begira baliozkoak izan daitezkeen ereduen inguruan elkarrekin pentsatzeko espazioa sortzea du asmo.

Horretarako, Euskal Herriko hainbat esperientziaren berri jasotzeko aukera egongo da, protagonisten ahotik, zuzenean. Tokian tokiko hizkuntza komunitateetan funtzionatzen ari diren esperientziak mahaigaineratuta, antolaketa eredu bakoitzak gizarte aktibaziorako dituen gakoak aletzea da Topaldiaren asmoa.

Euskaltzaleen mugimenduarentzako interesekoak diren gaien gainean hausnarketa egitea da Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatu ohi duen jardunaldiaren helburua.

2001 urtetik aurrera, ezinbesteko hitzordu bihurtu dira mugimenduko kideen formaziorako, elkartrukerako eta hausnarketarako antolatzen diren topaketak.

Topaldia Euskaltzaleen Mugimenduaren barne gogoetarako tresna batzuetan, kanpoko eragile eta lagunekin elkartrukea bideratzeko espazioa bestetan, barne elikadura iturri ezin hobea da beti.

Ekintzan eta jardueran zentratutako gizarte mugimenduetan hausnarketarako tartea hartzeak duen garrantziaz ohartuta, Topaldia da Euskaltzaleen Topaguneak berrikuntzarako eta etorkizuneko estrategiak eta ekimenak pentsatzeko baliatzen duen tartea. Ekintza, jarduera eta gogoeta elkarri oso lotuta dauden elementuak dira gainera. Ikuspegi horretatik bideratu nahi izaten da Topaldiko egitaraua urtero norabideari buruzko hausnarketa, esperientzien transmisioa eta bizipenen kontakizuna uztartuz.

Zabaldu: