Uztailaren 29an eta 30an izango da hitzordua Atarrabian. Sarrerak salgai daude jada.
Joan den larunbatean egitekoa zen aurtengo Hatortxu Rock jaia Atarrabian, baina pandemiaren eraginez, antolakuntzak 25. edizioa bertan behera uztea erabaki behar izan zuen. Ordutik, udarako antolatzen ari diren edizio berezian murgilduta daude buru belarri.
Uztailaren 29an eta 30ean jarri dute hurrengo data eta bertan izango diren lehen taldeen zerrenda eman dute ezagutzera jada: Non Servium, The Baboon Show, Stay Homas, ETS, Pleura, Rotten XII, Herdoil eta Green Valley. “Hau, baina, aurrerapen bat baino ez da. Datozen hilabeteetan beste asko batuko dira elkartasun jaialdi honetara”, adierazi dute antolatzaileek.
The Baboon Show suediarrak, ETS arabarrak eta Pleura nafarrak ostiralean igoko dira eszenatokira. Stay Homas kataluniarrak, Rotten XIII eta Herdoil nafarrak eta Green Valley gasteiztar-bartzelonatarrak, aldiz, larunbatean. Egun honetan ere izango da Non Serviumen txanda. Mostoleseko taldeak atsedena hartu du azken urteetan eta 2022an itzulera bira txiki bat egingo du eta Hatortxu Rock izango da joko duten bi jaialdietako bat. Euskal Herrian, bakarra.
Izen hauekin batera, eguneko sarrerak ere salgai jarri dituzte, www.hatortxurock.eus webgunean. Bi eguneko bonoa duela aste batzuk jarri zuten salgai eta dagoeneko milaka lagunek bereganatu dute. Orain, bono hori eskuratzeko aukeraz gain (55 euro), egun bakarreko sarrera lortzeko ere parada dago, 30 euroko prezioan.
“Azken bi urteetan ezin izan dugu Hatortxu Rock nahi izango genukeen eran antolatu. Eta ondorioz, ezin izan ditugu gure helburuak, dispertsio politika salatu eta honek euskal preso politikoen senideengan sortzen dituen gastuak arindu, nahiko genukeen moduan bete. Elkartasun hori, ekonomikoa ere, erraldoia, gero eta handiagoa, izatea ere bada gure helburua. Etxerako bide hori eraikitzerakoan esku guztiak dira ezinbestekoak. Eta jomuga horrekin ari gara lanean uztaileko zitari begira”, azaldu du antolakuntzak.
“Milaka lagun behar ditugu eta esan dezakegu, zortzi hilabete lehenago, milaka herritar bilduko garela gero eta gertuago ikusten dugun dispertsio politikaren amaieran pauso berri bat emateko. Baina azken kilometroa metro bilakatu arte, azken furgoneta bidaia etxe atariko besarkada bihurtu arte, lanean jarraitu beharra daukagu. Eta horretarako zuen guztion laguntza behar dugu. Auzolanean, elkarrekin eta lanerako grinez amaituko dugu dagoeneko hiru hamarkada baino gehiago luzatu den zigor honekin”.
Azken bi asteetan bertan behera utzitako edizioaren sarrerak itzultzeko eskariak egiteko epea ere ireki dute. Eskari guzti horiek kudeatzen ari dira eta datozen egunetan egingo dira diru itzulerak. “Hala ere, asko eta asko izan zarete diruari uko egin eta sarrera eskatu ez duzuenok. Zuei esker, aurten Hatortxuk galerarik ez izatea ahalbidetu duzue eta, beste urte batzuetako tamainakoa ez den arren, dispertsioak eragiten dituen gastuak leuntzeko ekarpen bat egiteko moduan egongo gara”.