(argazkia: Nor kolektiboa)

Nor kolektiboak Bob Torresen ‘Goseak akabatuak’ ekarri du euskarara

Liburu honek eztabaida handia piztu nahi du animalien eskubideen aldeko mugimenduan eta hurrengo urteetan ingurune anarkista eta antikapitalistetan. Nor eta Ochodoscuatro argitaletxearen elkarlanari esker euskaratu dute lana.

Bob Torresen Goseak akabatuak: Animalien eskubideen ekonomia politikoa liburuaren euskarazko bertsioa aurkeztu du Nor kolektibo Antiespezistak Bilboko Anti liburu-dendan. Lanak menderakuntzaren, boterearen eta hierarkiaren izaera orokortua ulertzeko giltzarriak lantzen ditu, kontsumogaien, lanean, ondasunean eta bizitzan arreta jarrita.

Kolektiboko kideek azaldu dutenez, “liburuak gizakien eta animalien zapalkuntzen arteko intersekzioak aztertzen ditu kapitalismoaren esplotazio dinamikaren barruan. Ekonomia marxistaren oinarrizko ideiak hartuaz, kritika anarkista zabal bati bide eginaz eta animalien eskubideen aldeko mugimenduari begirada kritikoa uztartuz, Bob Torresek pentsamendu antikapitalista tradizionala desafiatzen du eta animalien erabilpena, industrian nahiz platerrean, abolitzea defendatzen du”.

Nor Euskal Herria Antiespezista helburu zehatz eta argi batekin jaio da: Euskal Herrian mugimendu antiespezista indartsu eta koordinatu bat sortzea, eta nabarmentzea animalien askapenaren aldeko borroka politikoa dela. “Gizaki gisa ditugun pribilegioei buruz hausnartzera bultzatu nahi dugu jendea, borroka egin ahal izateko gainerako animaliak baztertzera eta zapaltzera eramaten gaituen sistemaren aurka”.

Antiespezismoa sustatzeko eta sendotzeko euskarazko edukiak sortu eta zabaldu nahi dituzte. “Euskal Herriko beste talde antiespezisten esku jarri nahi ditugu eduki horiek, indarrak batzeko asmoz. Justizia sozialaren aldeko jarrera garbia hartu nahi dugu, eta hori lortzeko ezinbestekoa da sentitzeko gai diren beste animalien interesak kontuan hartzea. Talde antiespezista eta abolizionista bat gara, bai eta transbertsala ere: feministak, antikapitalistak eta euskaltzaleak. Jarrera politiko horiek guztiak gure jardun antiespezistan islatzen saiatzen gara, eta, hala, azpimarratzen dugu animalien askapena justizia sozialerako beste borroka bat dela. Zapalkuntza baten kontrako borrokak ezin baitu beste zapalkuntza bat justifikatu”.

Kolektiboak euskarara ekarri du liburua eta Ochodoscuatro Ediciones argitaletxeak argitaratu du.

Zabaldu: