‘Nor’, sexu identitateari buruz gogoeta pizteko eleberria sortzeko diru bilketa abian

Eleberria Irati Goikoetxeak idatzi eta Irrimarrak ilustratuko du, eta Aingeru Mayor sexologo eta Naizen elkarteko kidea arduratuko da epilogoaz.

Proiektuaren izenak dioen bezala, eleberri ilustratu honek nortasunaz, identitateaz hitz egingo duela diote sustatzaileek; “sexu-identitateaz eta transexualitateaz, bereziki eta, liburu batek, eta are gutxiago horrelako gai batek, adinik ez badu ere, bigarren hezkuntzako nerabeak izango ditugu buruan liburua ontzeko garaian”, nabarmendu dute.

Nor Literatur lan bat izango dela azaldu dute, “eleberri ilustratu labur bat, eta literatur lan gisa irakurlearentzat gozagarri izatea da proiektuko lan-taldea osatzen dugunon helburu nagusia. Gozagarri izatea, ez dugu erronka makala! Baina, hori gutxi balitz, hausnarketarako eta elkarrizketarako pizgarri izatea ere nahi genuke”. Eleberriak hainbat ideia eta irudi iradokitzaile eskainiko ditu testu eta ilustrazioen bidez, nerabeen arteko harreman, bizipen eta gogoetek lagunduta.

Zentzu horretan, proiektu honen matazak baditu hari-mutur gehiago: “eragin egin nahi du, eraldatzailea izan nahi du; gogoeta bide berriak eskaini nahi dizkio irakurleari, leihoak zabaldu, airea garbitu. Antiojo berriak eskaini baino, begiradak jarri nahi ditugu zalantzan”.

Proiektua liburu formatuan argitaratuko da. Eleberria Irati Goikoetxeak idatzi eta Irrimarrak ilustratuko du, eta Aingeru Mayor sexologo eta Naizen elkarteko kidea arduratuko da epilogoaz. Proiektuaren sustatzaileek adierazi dutenez, “eleberriak, azken epilogo horrek lagunduta, egin dezakeen bidea guztion esku egongo da. Irakurle-talde bateko hizpide bilakatuko da, agian; DBHko ikasgela bateko elkarrizketaren fokua izango da, bestela; edo Haur Filosofia saio bateko borobilaren erdian kokatuko dute, nork daki. Haur, gazte edo heldu irakurzaleren baten lo hartu aurreko atsedena edertzen badu, bejondeiela; irakurle bakar bati plazera eragin eta galdera berriren bat sortzeko balio badu, ez gara bidea alferrik egiten ariko”.

Egitasmoa aurrera eramateko diru bilketa kanpaina jarri dute martxan https://eu.goteo.org/project/nor plataformaren bidez. Jasotzen dituzten ekarpenekin aipatutako lan horien kostuari egingo diote aurre, batetik: idazlearen, ilustratzailearen eta epilogoaren arduradunaren lanari, hain zuzen. Bestetik, argitaletxearen hainbat lan ere ordainduko dituztela nabarmendu dute: diseinu eta maketazio-lana, zuzenketak, edizioa eta liburuaren erregistroa. Kosturik handiena inprentarena izango dela diote, eta, “guretzat, argitaletxe txikia izanik, crowdfunding batek eskaintzen duen segurtasuna ezinbestekoa da horrelako proiektu bat gauzatu ahal izateko”.

Bukatzeko, kanpaina honek sustatzaileei eskaintzen dizkien aukerak baliatuz, proiektuaren liburu nagusiaz gain beste liburu batzuk ere eskaintzea pentsatu dute. Ispiluak ipuinak, esaterako, identitatearen gaia lantzen du eta HH eta LHko haurrei zuzenduta dago. Hamaika Kutixi Filosofiko kaxak ere galderak sortzea, filosofatzea du helburu, eta interesgarria iruditu zaie, proiektu berriaren osagarri moduan. Azkenik, Aingeru Mayorrek idatzitako Tránsitos liburua ere eskaini nahi izan dute, proiektua osatuko duelakoan. Liburu horrek haur eta gazteen gurasoek kontatutako 25 istorio erreal biltzen ditu, jaiotzean izan zuten sexu-identitatearekin bat ez datozenenak. Egileak kontakizun eta gogoeta horien azterketa bat eskaintzen du, haur eta gazteen transexualitatearen ezagutza egituratu bat eraiki dezagun.

Zabaldu: