Ontzitegia izan da edizio honetarako aukeratu duten objektua eta gaurtik aurrera, San Telmo Museoko gastrokultura gunean ikusgai izango dira epaimahaiak aukeratutako zortzi proiektuak; tartean, Gondaten Batu irabazlea.
Bitaminek eta San Telmo Museoak HAU Euskal Herriko Objektu Tradizionalen Diseinu Lehiaketaren zortzigarren edizioa antolatu dute aurten, euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzeko asmoz. Batetik, “deialdiak gure tradizioaren inguruko ikerketa sustatzen du, usadioak eta ohiturak ezagutu eta berreskuratzeko; bestetik, objektu tradizionalak egokitu, berritu eta berrinterpretatzea bultzatzen du, diseinu garaikidearen begiradatik. Horrela, gure historiarekin lotura berriak sortzen dira, baita diseinu alorrean ikerketa-ildoak urratu eta ekintza-eremuak zabaldu ere”m azaldu dute.
Aurtengoan ontzitegiak, zehazki manka izenekoak, berraztertzea proposatu da eta 35 proiektu aurkeztu dituzte lehiaketan. Nora Gondat-ek sortutako Batu proposamena izan da irabazlea eta 2.000 euroko saria jaso du. Gainera, gaurtik, ekainak 13, irailaren 28ra arte, museoan jarritako erakusketan izango da ikusgai.
Epaimahaiaren arabera,“Batu proiektuak tradizionala eta garaikidea uztartzen jakin du, hiru alderditan oinarritutako berrikuntzak aurkezten dituen diseinuarekin: estetika, materiala eta fabrikazio-prozesua, eta funtzionaltasuna. Lanak arasa egungo bizimoduetara egokitzen jakin du, merkatuan sartzeko produktu moldakor, modular eta bideragarri bat proposatuz. Altzariaren grafika euskal ikur identitarioei lotuta dago, tailla tradizionala gogorarazten duena”.
Irabazlearenarekin batera, aurkeztutako beste lan batzuk ere ikusgai egongo dira: Aipamen berezia lortu duten proiektuak: Malen Deniz Ayerberen Eguzkilore; Ane Arsuaga Iraolaren Mika; eta hauekin batera, sorkuntza berriak egungo usadio eta ohituretara hurbiltzeko asmoz, ontzitegi berriak imajinatzen egindako ahaleginagatik aukeratutako beste hauek: Maitane Urkiola Martinezen Nära; Nora Iturralde Castro, Bingen Larrañaga Lete, Irati Mendez Iturrioz, Maddi Xu Persona Huici, Eneritz Sagastume Doñate eta Oihane Burinaga Lopezen Modulu; Natalia Inostrosa Reynauden Aguero; Sheila Martinezen Nahia; eta Idoia Bastarrica Amanteguiren Oreka.
Ontzitegia
Arasa-armairua edo ontzitegia, zehazki manka izenekoa. Euskal Herriko altzari tipikoa da, batez ere Ipar Euskal Herrian. Bi edo hiru ateko arasa moduko bat da, nahiko altua (1,60 m inguru), ia armairu txikia. Armairuaz gain, estalkia duen kutxatila edo kutxa izan dezake goiko aldean, eta kaxoi bat beheko aldean. Garai batean Euskal Herriko sukalde edo jantoki gehienetan egoten zen, eta mankak hiru biltegiratze funtzio betetzen zituen: goiko kutxa asteko ogia gordetzeko erabiltzen zen (mahai-zapiak gordetzeko beste interpretazio batzuen arabera), ateetako armairuan baxera zegoen eta tiraderan mahai-zapiak. Hala ere, egitura hori aldakorra denez, aurkeztutako proposamenek tipologia ezberdinak izan dituzte oinarri, eta material aukeraketa ere librea izan da.