Idazle bizkaitarrak Etxe bat norberarena izeneko saiakera poetikoa kaleratu du Alberdania argitaletxearen eskutik.
Virginia Woolfen saiakera ezagunaren izenburua, Gela bat norberarena, gure garaietara egokituz, Yolanda Arrieta idazleak (Etxebarria, 1963) dio etxe bat behar duela emakume idazleak, “lasai idatzi ahal izateko, patxadaz bizitzeko, soseguz aurre egiteko gero eta gertuago ikusten duen zahartzaroari”.
Hala, emakume idazle heldu baten testigantza jaso du Etxe bat norberarena liburuan, “egunerokoaren kronikatik gertu dagoena, poetikotasunari uko egiten ez diona, parez pare begiratzen diona errealitate batzuetan gordin, besteetan ilusionagarri, beti bizigarri”, adierazi du Aritz Galarraga editoreak. “Bizitzari egindako kantu bat da, azken buruan, Arrietak liburu honetan egiten duena, ibilbide literario luze eta sendo baten emaitza umotua, kondentsatua aurkeztuz. Berdin hartuko du atsegin liburu honekin adin-kondizio guztietako irakurleak”, gaineratu du Galarragak.
Arrietak adierazi duenez, “Gela bat norberarena aldarrikatzen zuen Virginia Wolfek andre idazleontzat. Gaston Bachelard soziologoak, berriz, espazioen esanahietan murgiltzen gintuen La poetica del espacio entseguan, kanpoko espazioez ari garelarik barruko estantziez ere ari garelako. Nik etxearen irudia hautatu dut neure gogoen bizigune. Eta hiru denborak estekatu ditut bizigune hori ideatzeko. Bat, oroimen beroa, nondik natorren gogoratzeko. Bi, leihoak zabalik, uneari leku egiteko. Hiru, irudimena martxan, aldiko guraria ez ahazteko. Gelaka aritu naiz, bakean atontzeko estantzia bakoitza, zahartzaroaren umezaroa gertu”.