Alice Guyren 'La Fée aux Choux' (1896).

Nosferatu zikloa ikuspegi feminista batetik hurbilduko da zinemaren historiara

Asteazkenean abiatuko da aurtengo edizioa Donostiako Tabakalera zentroan.

Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak izenpean dator aurtengo Nosferatu zikloa Tabakalerara. Aurtengo edizioa ikuspegi feminista batetik hurbilduko da zinemaren historiara, eta bere 130 urteak errepasatuko ditu garai eta jatorri guztietako emakume sortzaileek zuzendutako filmen bitartez.

1896tik, Alice Guy aitzindari frantsesaren lanekin hasita (bera izango da lehen saioan protagonista eta bere hiru film proiektatuko dira Mabel Normanden film batekin batera) gaur arte, ziklo honek emakume zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktoreen lana berrikusi, proiektatu eta aldarrikatu nahi du; haietako batzuk azken urteetan aitortuak eta erreibindikatuak izan dira, eta beste asko, berriz, ahaztuak eta zinemaren historiatik ezabatuak.

Atzera begirakoari hasiera emateko, Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Leni Riefenstahl, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupino (klasikoak) aitzindarien lana erakutsiko da; jarraitzeko, beste askoren artean, Agnes Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmüller, Larisa Shepitko eta Barbara Lodenen (modernoak) filmak izango dira, eta udazkenean itxiko da, Susan Seidelman, Naomi Kawase, Kathryn Bigelow, Jane Campion eta Isabel Coixet zinemagile “bitxiekin”.

Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine, Elisa McCauslandek eta Diego Salgadok koordinatua, 2025eko urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Iratxe Fresnedak koordinatua, datorren urtearen amaieran plazaratuko da.

Bonuak eta sarrerak

Tabakalerako zine-bonua aurten ere eskuragarri egongo da. 120 euroren truke, 2025ean zehar programatuko dituzten 40 saiotara sartzeko aukera egongo da. Gainera, aurten ere bonua erosteak Nosferatu Bildumaren bi argitalpenetako bat eskuratzeko aukera emango du: AEBetako western post-klasikoa eta garaikidea edo aurrez aipatutako Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine.

Bonua 2025eko urtarrilaren 31ra arte (eguerdiko 12:00ak) eskura daiteke, Tabakalerako webgunean zein zentroaren Informazio Puntuan. Aipatu datan eta orduan irekiko da, leku beretan, urtarrilean egingo diren proiekzioen sarrera arrunten salmenta ere.

2025eko abenduaren 31ra arte erabili ahalko da. Bonuari loturiko izapide guztiak Tabakalerako webgunean zein zentroaren Informazio Puntuan egin daitezke: bonua erostea, beste norbaiti bidaltzea opari gisa, filmetarako sarrerak bonuaren deskontuarekin lortzea edo geratzen den zenbatekoa kontsultatzea.

Informazio gehiago:2025eko lehen hiruhilekoaren programazioa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna