Oaia Peruarenaren ‘Sustantzia’ erakusketa ikusgai dago Iruñean

Ziudadelako Mistoen eraikinean bisitatu daiteke Peruarenaren obra bilduma otsailaren 12ra arte. Erakusketak olanean, mihisean, paperean edo artisau-paperean egindako obrak biltzen ditu, batzuk bi metro ingurukoak dira eta beste batzuk, paperezkoak, formatu txikiagokoak.

Oaia Peruarenaren (Irun, 1972) Sustantzia izeneko erakusketa paratu dute Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean. Artistaren obren ezaugarriak kromatismoa, abstrakzioa eta konposizioa dira. Peruarena koloreaz baliatzen da unearen intentsitatea adierazteko eta trazuaz obra ordenatzeko. Erakusketaren katalogoan artistak hala deskribatzen du bere lana: “hasiera batean marrazketan, kolorearen ulermenean eta konposizioan sakontzea izan zen nire interesa; ondoren, hizkuntza propio bat, identitate bat, bilatzea”. Une hartan, egileak miresten zituen pinturak behatzen zegoela, ‘substantzia’ hitza agertu zitzaion, komunean zuten ezaugarri gisa, izateko beste ezer behar ez zuten berezko identitate bat bezala.

Erakusketak olanean, mihisean, paperean edo artisau-paperean egindako obrak biltzen ditu, batzuk bi metro ingurukoak eta beste batzuk, paperezkoak, formatu txikiagokoak. Peruarenak olio-pintura eta akrilikoa erabiltzen ditu bere obrak sortzeko.

Oaia Peruarena Telletxea Irunen jaio zen, baina Beran bizi da 5 urte zituenetik. Haurra zenetik marrazten eta pintatzen aritu da. Lehen pintura eskolak Ignacio Larramendiren eskutik jaso zituen. 17 urterekin ikasketak utzi zituen eta altzariak polikromatzeko eskoletan parte hartu zuen. Zaharberritzen ere ikasi zuen modu autodidakta batean eta horretan aritu zen bost urtez, nahiz eta inoiz ez zion pintatzeari utzi. Garai horretan pintura eskolan egon zen. 6 urtez Jose Mari Apezetxeak eta Tomas Sobrinok Baztanen ematen zituzten aire zabaleko pinturako udako ikastaroetan parte hartu zuen.

Bere lana hainbat bilduma pribatutan dago, Frantzian, Alemanian, Ingalaterran, Australian, AEBn… bai eta hainbat entitate publikotan ere, hala nola San Telmo museoan eta Gipuzkoako Foru Aldundian.

Zabaldu: