LP eta CD formatuetan argitaratu dute zazpi kantuz osatutako lana Bonberenea Ekintzak-en eskutik. Azaldu dutenez, orain arteko diskorik “elektrikoena eta indartsuena” osatu dute.
Dena hain ezegonkorra den garaian irautea zerbait positibotzat jo du Occhi di Farfalla talde zarauztarrak, irautea ere badelako gauza berriak eraikitzeko bidea, eta horren emaitza da, Iraun, boskotearen laugarren lana. “Irauteko borondatea dugu. Hortzak estutu, amorratu, eztarria korapilatu eta iraun. Bizitzeko beste era batzuk daudela gogoratu, eta iraun. Itsasoko olatuek bezala, iraun. Desleial iraun. Badakigu bideberriak bakarrik ezin direla eraiki. Ehundu eta iraun”.
LP eta CD formatuetan argitaratu dute zazpi kantuz osatutako lana Bonberenea Ekintzak-en eskutik. Azaldu dutenez, orain arteko diskorik “elektrikoena eta indartsuena” osatu dute. “Euskal Herria, Mallorca, Argentina eta Kanadako musikariak bildu gara disko hau grabatzeko. Zuzenekoan Giranice taldeko Alexander Zubizarreta Aramendi jardungo da baxua jotzen”, zehaztu dute. Diskoa Andoaingo Garate Estudioan grabatu dute Kaki Arkarazorekin.
Occhi Di Farfalla 2013an sortu zuten, Zarautzen, Miren Arangurenek eta Hodei Estebanek. Bikote akustiko gisa aritu ziren hasieran eta euren lehenengo diskoa urte horretan kaleratu zuten. 2016an, berriz, taldearen bigarren lana heldu zen, Lerroetatik ihes izenekoa. 2019an Destino epikoak diskoa kaleratu zuen taldeak eta pandemiaren eraginez, Europan barrena egin behar zuten bira bertan behera geratu zen.
Boskotearentzat musikaren munduan atzerrira irtetea esperientziarik ederrena da. “Kontaezina da halako bidai batek gure bizitzan aportatzen diguna”. Baina, egoera ikusirik, pandemian taldea eraberritu eta kantu berriak sortzeari ekin behar izan dio. Garai honetako lanaren emaitza da orain datorren disko berria. “berrasmatze prozesu bat izan da zentzu guztietan, taldekide berriekin ere egin dugulako bide hau, kantu, soinu eta lan berri batekin, beraz, zerbait positiboa ere eman digu guzti honek”.
Martxoaren 4an ekingo diote disko berriaren aurkezpen birari Villabonan, handik Madrilera, Tolosara, Bermeora edota Bartzelonara egingo dute saltoa. Denetara hamar zuzeneko lotuta dituzte jada.