‘Ogia eta zirkua, artea eta elikadura’ erakusketa paratu dute Iruñean uztailaren 2ra arte

Erakusketak kontzientzia sortu nahi du elikagaiak duen garrantziaz eta planeta honetan bizi garen izakiontzat eta planetarentzat berarentzat dituen ondorioez.

Gaur zabaldu ditu ateak Ogia eta zirkua, artea eta elikadura izeneko erakusketak Iruñeko Ziudadelako Labean. Antolatzaileen esanetan, elikadura da etorkizun jasangarriaren erronkarik garrantzitsuenetako bat. Gaur egun, elikagaiak lortzeko kezka izateaz gain, janaria aukeratu behar dugu; gaia konplexua eta nahasia da, publizitateak eta hedabideek agintzen baitute arlo horretan. Elikagaien faltak eragindako desnutrizioaren eta elikagaien industriak sustatutako gainelikaduraren artean gabiltza; bizitza osasungarriaren eta gure desioei eta hersturei bidea libre uzteko beharraren artean. Horrek guztiak egoera asaldatu bat dakar, nahasita sentitzen den mahaikidea eta osasun- eta ingurumen-arazo larriak. Nutrizioaren ikuspegi hutsetik harago, egungo gizartearen azelerazioan, bizi-estiloan edo elikadura bezalako gai garrantzitsu batean nagusitzen den informazioaren kaosean aurkituko dugu desoreka horren zergatia”.

Erakusketa-proiektu honek elikadurari buruzko hausnarketa orokorra egiten du. Elikaduraren eta jatearen artean gai ugari txirikordatzen dira, eta beraz, jakintza-alor anitzetatik heldu beharreko esparrua da. Izan ere, hori da artea gaiari heltzeko esparru perfektu gisa postulatzearen arrazoietako bat, ikuspegi zabala, askotarikoa eta zeharkakoa eskaintzen duela.

Ogia eta zirkua erakusketak kontzientzia sortu nahi du elikagaiak duen garrantziaz eta planeta honetan bizi garen izakiontzat eta planetarentzat berarentzat dituen ondorioez; hala, elikadura bere osotasunean birpentsatzera gonbidatzen gaitu. Hurbiltze horrek azterketa eta gogoeta ditu ardatz, aktibazioari, auzitan jartzeari eta elikadura-eredu berriak bilatzeari ateak irekitzeko lehen urrats gisa.

Zabaldu: