Donostian, Bilbon eta Iruñean izango dira azken hiru emanaldiak, Euskal Herrian zehar 50 herri bisitatu ondoren.
Eresia ikuskizunak eremu publiko eta komunitarioan, doluari espazio sinboliko-estetikoa eskaintzea bilatzen du, herrian bertan heriotzak dakarren minaz era publikoan eta kolektiboan hausnartzeko parada eskainiz. Oier Zuñiga antzerkigileak sortu, zuzendu eta antzezten du obra. Bere ustez, ezinbestekoak dira doluak dakarren min eta hutsuneak osatu eta baretzeko espazioak sortzea. “Senide bat galdu dugunean, erritu sozialak modu nahiko azkarrean eta hausnarketarako aukera gutxirekin ematen dira, ibilbide pertsonal eta intimoari eraginez; gerora, min hori ezinegona edota bestelako prozesu pertsonalak plaza publikotik atera eta eremu bakartira mugatzen dira”, azaldu du.
Oinarri hau hartuta ezartzen ditu sortzaile iruindarrak Eresiaren helburuak. Lehenik eta behin, “erritu bereziak, berriak eta bestelakoak arte eszenikoen bidez praktikatuz, dolua modu komunitarioan garatzeko proiektua da honakoa”. Adierazpen artistikoaren garrantzian ere egiten du azpimarra Zuñigak, doluak sortzen duen mina eta hutsunea isilpetik ateratzeko tresna gisa ulertzen baitu: “arteak, inguratzen gaituena ulertzeko diskurtso, gako eta ulerbide berriak eman ahal dizkigulako”. Heriotzari ezartzen zaizkion tabuen gainetik, dolu prozesu publikoen lanketan sakontzen duen lana da Eresia, “heriotza bera biziaren parte den legez, ezin zaio uko egin gure bizitzetan duen lekuari. Heriotzak gure bizietan duen presentziari espazio publikoa eskaintzen saiatu gara”.
Ikuskizunak 50 herri baino gehiago bisitatu ditu Euskal Herrian zehar, “proposamen eszeniko indartsuaz, publikoa liluratuz, non oroitzapenerako eta lasaitasunerako lekua eskaini duen”, adierazi du Zuñigak.
Hala, azken hiru emanaldiekin agur esango die agertokiei: Otsailaren 1ean izango da lehena Donostiako Lugaritzen 19:30ean, 8an, berriz, Bilboko Pabellon6 aretoan izango da arratsaldeko 19:30ean. Bira martxoaren 7an amaituko da Iruñeko Nafarroako Antzerki Eskolan eskainiko den emanaldi berezi batekin.