(argazkia: Gari Garaialde)

Oihana Iguaranek lortu du finalaurrekoetako bigarren itzulirako txartela

Amurrion kantatuko du azaroaren 19an.

Larunbatean jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoa Donibane Garaziko Jai Alain eta 1350 bertsozaleren aurrean.

Zihara Enbeita Gardoki aritu zen gai jartzaile gisa eta ondorengo bertsolariak igo ziren oholtzara larunbateko saioan: Asier Azpiroz Iztueta, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Elustondo Plazaola, Haritz Mujika Lasa eta Amets Arzallus Antia.

Sei bertsolari horietatik Oihana Iguaranek lortu zuen puntu gehien biltzea: 688,5. Hala, finalaurrekoen bigarren itzulirako txartela lortu du eta Amurrion kantatuko du azaroaren 19an. Amets Arzallus geratu zen bigarren 688 punturekin, hirugarren, berriz, Nerea Elustondo 628 punturekin, laugarren Asier Azpiroz 616,5 punturekin, bosgarren Haritz Mujika 615 punturekin eta seigarren Aitor Etxebarriazarraga 612 punturekin.

Finalaurrekoen lehenengo itzulian egin beharreko ariketak burutu zituzten bertsolariek larunbatean ere: zortziko handian eta txikian lehenengo, puntutan, seiko motza eta ganbarako lana azkenik: Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena.

Ariketa horiek epaitzen, hurrengo zazpikoa aritu zen: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta.

Hurrengo saioa, Irunen

Finalaurrekoetako hurrengo saioa azaroaren 5ean izango da Irungo Ficoban, 17:00etan. Kantuan ariko diren bertsolariak Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria izango dira. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Zabaldu: