Kontzertuetarako sarrerak asteazkenean, abenduak 11, jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.
Gure Ahotsak Emakumezko Musikarien Zikloak egitarau oparoa dakar 2025eko martxoaren 1etik 9ra Donostiara. Emakumezko musikarien bost kontzertu izango dira Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko oholtzetan. Hurrenez hurren, Olatz Salvador, Travis Birds, Amaia Miranda, Ginebras eta Tulsa bakarlari eta taldeen emanaldiez gozatu ahal izango da.
Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak. Esther Fernandino Musika ataleko programazio teknikariaren esanetan, “beti egon dira emakumeak musikaren munduan, egun badaude eta egongo dira, baina oraindik asko dago egiteko gaiari buruz hitz egiteari utzi aurretik. Gure eginbeharra, Gure Ahotsak-ena, emakumeak ikusaraztea eta dagokien lekua ematea da, baina ez puntualki bakarrik jaialdi hau bezalako ekimenekin, baizik eta urte osoan. Horregatik, urtean zehar ere oso gogoan dugu gure helburua eta programazioa nahiko orekatua dugu. 2025era begira, Maika Makovski, Maren, Kris Davis, Françoiz Breut, Maria Jose Llergo izango dira antzokietan eta kultur etxeetan La Furia, Susan Santos eta beste hainbat artista arituko dira”.
Zazpigarren edizio honetako kartela Ainara Azpiazu Axpi (Hernani, 1980) ilustratzaile eta artistak egin du. Azpik adierazi duenez, “kartela egitea plazer handia izan da niretzat, miretsi eta gustuko ditudan musikarien kontzertuak iragartzeak erraztu eta gustagarri egin duelako enkargua. Indarra izan da transmititu nahi izan dudan ideia, eztanda, ezustea eta aldi berean poza. Horregatik, lehertzen ari den sumendi koloretsua hautatu dut. Egiteko, monotipia bat nahastu dut teknika digitalarekin, sumendiaren oinarria eskuzko estanpazioarekin egindakoa da eta gainerakoa testuradun pintzel eta testuragabeen nahasketaz sortutako irudi digitala da”.
Kontzertuetarako sarrerak asteazkenean, abenduak 11, jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.