(argazkia: Ondarroako Udala)

Ondarroako Literatur Amuak eta Azaroak 25 bat eginda datoz, ‘Euskaraz feminismotik, feminismotik euskaraz’ lelopean

Formatu berritzailearekin dator aurtengo jaialdia. Ohikoa baino egun batzuk beranduxeago hasiko da, baina Udaleko euskara eta berdintasun sailen arteko elkarlanarekin, Literatur Amuak jaialdia eta Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren inguruko egitarauak uztartuz.

Aurten ere, Ondarroako Literatur Amuak jaialdian, herrian zein Euskal Herri osoan ezagunak diren artista eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango da azaroaren 19tik abenduaren 5era bitartean. Euskaratik abiatuta eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka agertu nahi izan du Udalak prestatu duen egitarauaren bidez.

Hartara, aurtengo edizioak bildu ditu, alde batetik, euskara sailak antolatutako Literatur Amuak egitaraua, euskarazko kultur sortzaileei emana, eta, beste aldetik, berdintasun sailak Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna erdigune hartuta, antolatutako hainbat ekintza.

Antolakuntzak adierazi duenez, “aldarrikatuko dugu ez dugula emakumeen kontrako indarkeriarik onartzen, aldarrikatuko dugu nazkatuta gaudela indarkeria matxistarekin eta ozen esango dugu, baita ere, emakumeak plazetan nahi ditugula: Emakumeak kantuan, oholtzan, emakume sortzaileak eta partehartzaileak. Eta, noski, aldarrikatuko dugu euskaraz bizi nahi dugula; gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko nahia dugula, euskarak egiten gaituelako herri”.

Jaialdia herriko Beldur Barik lehiaketarekin abiatuko da, azaroaren 19an. Hurrengo egunean, Andrabanda Feministaren 10. urteurreneko dokumentalaren aurkezpena egingo da Kofradia Zaharrean. Azaroaren 26an, berriz, Alain Lersundi artistak berak sortutako Nire zigilua. Homofobiaren (beste) istorio bat lan transformatiboa eskainiko du. Hurrengo egunean, Ondarroa inguruko ipuinak liburua oinarri duen ikuskizun sentsoriala eskainiko dute. Abenduaren 3an, Euskararen Eguna, Oroitzen hondarra nota txikietan poesia errezitaldi musikatua eskainiko du Mikel Etxaburu olerkigile ondarrutarrak Musika Eskolan.

Zubikarai sariak

Zubikarai sariak ere abenduaren 3an banatuko dira, arratsaldeko 18:00etan, Kofradia Zaharrean. Hasieran, aurtengo nobela-bekaren irabazlea ezagutzera emango da eta Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak elkarrizketa bat egingo dio idazle irabazle horri, bere proiektuaren berri denei emateko. Aurten ere Ana Urkiza eta Leire Bilbao idazle ondarrutarrek osatu dute epaimahaia Mendigurenekin batera, bai nobela-beka sariketarako eta baita nanoipuin lehiaketarako ere. Ondoren, iazko bekaren irabazle Lander Garrok Faith nobela aurkeztuko du, Joxemari Urteagarekin izango duen solasaldiaren bitartez. Ondoren, aurtengo nanoipuin lehiaketako sari banaketa eta irakurketa egingo dira.

Sarrerak eta gonbidapenak.

Jarduera batzuetarako sarrerak edo gonbidapenak beharrezkoak izango dira. Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri azaroaren 11tik aurrera, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: