(argazkia: Mutur Beltz elkartea)

Ondo Bizi arte egonaldia aurkeztuko dute ostiralean, Karrantzan

Aurtengo egonaldia ekainaren 10etik 21era bitartean egingo da Karrantzan eta proposamenak aurkezteko maiatzaren 2ra arte egongo da epea zabalik. Mutur Beltz elkarteak iazko egonaldiari buruzko liburua ere aurkeztuko du ostiralean.

Apirilaren 9an, ostirala, Europako Artilearen egunarekin batera, Mutur Beltz elkarteak Ondo Bizi Arte Egonaldia IV. Residencia artística del buen vivir, 2020 liburua aurkeztuko du Karrantzako Kultur Etxean. Argitalpen honetan iazko egonaldian Marijo Ribas eta Aitor Saraibaren artistek egindako proiektuen azalpenak jaso dira. Hauekin batera, Izaskun Eletxigerra Avascaneko lehendakariaren eta Natacha Sansozen artistaren testuak, Marc Badal ikertzailearen iritziak, Jaime Izquierdo geologo eta idazlearen hausnarketak, eta Maria Bueno artzain eta gaztagilearen esperientzia.

Liburuarekin batera, Mutur Beltz elkarteak Ondo Bizi arte egonaldiaren bosgarren edizioa aurkeztuko du ostiralean. Aurtengo egonaldia ekainaren 10etik 21era bitartean egingo da Karrantzan, eta proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 2ra arte egongo da zabalik.

Bosgarren edizio honetan, kultura, sormen artistikoa, ikerketa, diskurtsoa eta, batez ere, Karrantzako artilearen erabilera sustatu nahi dute herrian. “Proiektu hauek, bai lokalak zein nazioartekoak, praktika artistikoaz baliatuz landa garapenerako ongizatean lagundu beharko dute, bertako biztanleriarekin parte hartuz”, azaldu dute antolatzaileek. Aurten artilea erabiltzen dituzten proiektuak lehenetsiko direla nabarmendu dute. Edozein diziplina artistikoan (arte plastikoak, ikus-entzunezko arteetan, dantza, literatura, musika, bertsolaritza…) garatu daiteke proiektua, modu indibidualean edo kolektiboan. “Elkarbizitza hau burujabetasunean, iraunkortasunean, agroekologian, gizarte harremanetan eta subjektibitatean oinarrituko da. Arte garaikideko sorkuntza landa ingurunean ematen diren egoera desberdinetan kokatzea interesatzen zaigu, esate baterako: ardi arraza baten galzoriko egoera, material baten bizitza, elikadura sortzeko bideetan edota bizitzeko moduan. Hala, arte garaikideko sortzaileei erronka bat bidali nahi diegu, eta euskal artilearen inguruan erabilera berriak sustatzeko aukera ematen diegu”.

Elkarteak ukuiluan, plazan, ile mozketan, diseinuan, esnea jezten eta kultur kudeaketan lan egiten du. “Artzainak, sortzaileak eta artile ekoizleak gara, gure eginkizuna babesean eta erraminta berrien sorkuntzan datza, artzaintzari lotutako ondare naturalaren edota kulturalaren kontserbazio eta berriztapenerako”.

Arte egonaldiak sortzeaz gainera, 2017tik, elkarteko kideek Karrantza Haraneko artzain gehienei artilea erosten diete; “modu honetan inguruaren kutsadura txikitzen dugu, izan ere artileari errefusa gisako tratamendua ematen zaio. Erositako artilea industrian garbitzea, kardatzea, irutea eta ehuntzea lortu dugu. Karrantzako ardi arrazaren artilea inoiz ez da eraldatu industrian eta artisau edo baserrirako izaten zen. Beraz, merkatuko produktu berri bat da, eta, orduan, egindakoa historikoa da”, adierazi du elkarteak.

Zabaldu: