Oreka izango da DFeria azokaren 28. edizioaren gai nagusia

Reskate arte kolektiboak sortu du aurtengo kartela. Martxoaren 14tik eta 17ra bitartean izango da DFeria Donostian.

2022ko DFeria azokaren gai nagusia etorkizuna izango dela iragarri du antolakuntzak, “bi indar edo gehiagoren arteko orek”, zehaztu du. “Harmonia egoera espazio fisiko batean, edo baita pertsona baten barruan ere. Kudeaketa eraginkorra ekonomian, botere oreka politikan, buru osasuna edo oreka emozionala… Harmonia baliotsu bezain kaltebera; izan ere, hausten denean dena eramaten du kaosean”.

Maria Lopezek eta Javier de Ribak osatzen duten Reskate arte kolektiboak sortu du 2022ko kartela eta orekaren gaiari erantzuten diola adierazi dute, “irudi bat da, osagai guztiak harmonian dituena. Konposizio simetrikoagatik baino, aurpegi neutroa duelako, seriotasunaren eta irribarrearen artean: emozio jakin bat adierazi nahi du aurreko oreka une horretan. Gainera, errezelak, ilunean argituriko aurpegi horren ilea balitz bezala, arte eszenikoak agertzen dizkigu”.

Hartara, galdera hauei erantzuten saiatuko dira azokan: “Zer da oreka eta zer garrantzi du? Garrantzitsua al da egonkortasuna lantzea? Zenbateraino dira erabakigarriak oreka-nahasteak?”.

Bost estreinaldi orokor

Datorren edizio honetarako 352 konpainiak eman dute izena Mexiko, Argentina, Zipre, Alemania eta Kolonbiatik, besteak beste. Azkenik, 26 konpainien ikuskizunak hautatu dira eta horietatik bost estreinaldi orokorrak izango dira.

Feria formatua izango du aurten ere DFeriak, antolatzaileen arabera, “oso emaitza onak” izan dituelako azken urteotan. Honetan, antzerki emanaldiak izango dira nagusi. Topaketa profesionalak eta arte merkatua ere nabarmendu dituzte.

Urtarrilaren amaieran iragarriko dute 28. edizioaren egitaraua. Martxoaren 14tik 17ra egingo da azoka, Donostiako espazio eszeniko nagusietan.

Zabaldu: