Lehiaketaren edizio honetara 24 lan aurkeztu dira, iaz baino sei gehiago. Horietarik, hamalau poesia modalitatekoak izan dira eta hamar narrazio laburrekoak.
Iruñeko Udalak Egile berrientzako euskarazko XXXV. Literatur Lehiaketako sariak banatu ditu Kondestablearen jauregian egindako ekitaldi batean. Hauek izan dira lehenengo sariak narrazio laburreko eta poesiako kategorietan: Oscar Vergara Lacalleren Aukera-leihoa narrazioa eta Peio Ardaiz Galeren Amodioaz, gorrotoaz eta nostalgiaz poema-liburua.
Edizio honetan 24 lan jaso dituzte, aurreko urtean baino sei gehiago, eta horietatik hamar narrazio laburrak izan dira, eta hamalau, poesia-lanak. Lehenengo, bigarren eta hirugarren sarien irabazleek 2.500, 1.000 eta 500 euro jaso dituzte, eta aipamen bereziek, 250 euro.
Oscar Vergara Lacalleren Aukera-leihoa enpresen mundua ironiaz islatzen duen narrazioa da. Epaimahaikideen esanetan, “gaurkotasun handiko gaiak jorratzen dituen kontakizun originala da, ezusteko gertaerez eta umorez zipriztinduta. Egileak enpresen munduko hizkuntzarekin maisutasun handiz jolasten du”.
Peio Ardaiz Galek, berriz, Amodioaz, gorrotoaz eta nostalgiaz poema multzo oso bat sortu du, ez poema solteen bilduma soil bat. “Askotariko gaiak jorratzen ditu. Egileak kontzientzia politikoaren eta kezka sozialaren eta egunerokotasunaren eta intimismoaren arteko oreka topatu du”, adierazi du epaimahaiak.
Narrazio laburreko bigarren saria Ainara Tirapuk jaso du Eperrik ez Bearentzat lanagatik, eta hirugarrena, Sarai Roblesen Ariane narrazioak. Bi aipamen bereziak Naroa Romeok Sare lanak eta Ainhoa Ayerbek Hartu nire zati bat zuretzat lanak irabazi dituzte. Poesian, Amaiur Ruizek jaso du bigarren saria Agian mendekua poesia izanen da lanagatik eta Iker Arriolak hirugarrena,Palmirako Hondakinak lanagatik. Bi aipamen bereziak Izaskun Larrañagaren Ispiluko islak eta Saioa Alkaizaren Badudan ala nahi dudan? lanek irabazi dituzte.
Edizio honetako epaimahaia honako hauek osatu dute: Castillo Suarez idazle eta euskaltzainak; Irati Iturritza idazle, irakasle eta itzultzaileak eta Iosune de Goñi idazle eta Euskal Idazleen Elkarteko kideak.