4×4 erakusketa 2026ko otsailaren 8ra arte bisitatu ahal izango da, eta lau artistek elkarrekin egiten duten lehenengoa da, narrazioa hari gisa erabilita.
Pedro Oses, Joaquin Resano, Javier Mina eta Ernesto Murillo Simon Simonides artisten hainbat obra bildu dituzte 4×4 izeneko erakusketan. Lau sortzaileek ibilbide piktoriko paraleloa izan dute, lagunak dira, eta hainbat proiektutan aritu dira elkarlanean, nagusiki komikien esparruan. Erakusketa lau margolarien lehenengo topaketa da, eta guztiek narrazioa dute komunean.
Erakusketa garai baten erretratua da nolabait, egileek jarduera plastikoen ibilbide luzean eraiki duten ondareak osatzen baitu: Osesi eta Resanori dagokienez, ibilbidea XX. mendeko 60. hamarkadaren amaieran abiatu zuten.
Prestigio handia dute artista hauek, eta Nafarroako arte-panoramaren zutabe garrantzitsuak dira. Laurek estetika figuratiboa dute formetan eta inpaktuzkoa hondoan. Lauren lanek osatzen dute erakusketa: Simonidesen umorismo surrealista, Minaren collage zehatzak eta aire neoespresionistaz egiten dituen artisten erretratuak, Resanoren olio-pinturak, aztarna sinbolista eta esoterikodunak, eta Osesen itxura errazeko txinparta hiperrealistak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “lanek ikuslea azaletik harago esploratzera gonbidatzen dute, izan ere, paisaien, erretratuen eta ametsezko pertsonaien azpian istorio bat kontatzen dute, munduaz duten ikuskeraren berri ematen baitigute: ikuspegi zehatza eta independentea, neutrala ez dena eta pintoreek egindako ibilbide luzea islatzen duena. Komikiaren munduaren, zinemaren eta poparen eragina nabaria da begirada zorrotz eta garaikidea duten sorkuntzen estrategia eta ikuspegi plastikoetan”.
4×4 erakusketa 2026ko otsailaren 8ra arte bisitatu ahal izango da Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikinean.