Aurten 800 film inguruk eman dute izena, eta horien artetik aukeratu dituzte sarien lehian arituko diren hamabi film luzeak eta zortzi film laburrak.
Ikuspuntu, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia, martxoaren 11tik 16ra bitartean egingo dute Iruñean eta antolatzaileek hemezortzigarren edizioaren Sail Ofiziala aurkeztu dute jada. Guztira hogeita hiru film izango ditu: sarien lehian arituko diren hamabi film luze eta zortzi film labur, eta lehiaketatik kanpoko hiru pelikula.
Sail Ofizialean lehian arituko diren lanen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, Mariano Llinas argentinarraren film luze berriaren (Retrato de Mondongo) mundu mailako estreinaldia, Anand Patwardhan Indiako zinema dokumentalaren maisu handiaren azken lana (Vasudhaiva kutumbakam / The World is Family) edo Prix Jean Vigo Dominique Marchaisen La rivière film luzea. Aipatzekoak dira, halaber: IDFA jaialdian eta Sarajevokoan saritu duten Šutnja razuma / Silence of Reason, Kumjana Novakova mazedoniar zinemagile gaztearen lana; 2022an jada jaialdian izan zen Yaela Gottlieb perutarraren film labur bat, ¿Dónde está Mary Anne? izenburua duena, edo Maya Abdul-Malak frantziar-libanoar zinemagilearen Un cœur perdu et autres rêves de Beyrouth lan luzea.
Sail Ofizialean eta oro har jaialdiko programazio osoan presentzia izango duten gaiak lehen pertsona, familiako memoria eta memoria historikoa, generoa eta identitatea, migrazio-politikak, klima- eta ingurumen-larrialdia eta gizakion eta beste espezie batzuen aniztasuna izango dira.
Bestalde, jaialdia ireki eta itxiko duten filmeak nabarmendu nahi izan dituzte; horiek ere Sail Ofizialekoak dira, baina lehiaketatik kanpo daude. Hitzordua martxoaren 11n hasiko da, eta Nafarroan estreinakoz proiektatuko da Zinzindurrunkarratz, nazioartean sari ugari jaso dituen Oskar Alegriaren azken lana: “Zinemagileak bidaia poetikoa egiten du beste garai bateko oroimenean zehar, zeinaren zati batzuk baino ez diren geratzen. Super-8 kamera hartuta, bere aitona-amonek ibili zituzten bidexketara itzultzen da, Artazuko mendietara, Nafarroara, jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratzeko”.
Jaialdia ixteko, berriz, 2021eko edizioan fokuetako baten protagonista izan zen Pedro G. Romero artista bisual, ikertzaile eta komisarioaren azken film luzea proiektatuko da: De caballos y guitarras. “Abiapuntua instrumentu horiekin entzule horientzat (eta mando zein astoentzat) egindako kontzertu baten erregistroa da; Erroman antolatu zuten 2019an, Estatu espainiarreko Akademian, ondoren zaldien pertzepzioari, gizonezkoen begiradari, kameraren begiradari eta erlazionatutako beste gai batzuei buruzko saiakera gogoetatsu bat proposatzeko”.
Azkenik, Sail Ofizialean egongo da, lehiaketatik kanpo (Lan sailaren barruan), La vida a oscuras, Fernando Martin Peña argentinar artxibozain eta ikertzaile zinematografikoari buruzko lan eder bat, Enrique Bellandek egina. Martin Peña jaialdian izango da, eta zenbait jardueratan parte hartuko du; laster emango dute horien berri, atala osorik iragartzean.
Aurtengo edizioan, jaialdiko Sail Ofizialean estreinaldi ugari izango direla azpimarratu dute. Ikuspuntun ohikoa denez, Sail Ofizialak mundu osoko zinemagile askotarikoen begirada eskainiko du.