(argazkia: Pablo Sotes)

Oskar Alegriaren ‘Zumiriki’ filmak irekiko du Ikuspuntu jaialdiaren hurrengo edizioa

Jaialdiak atzera begirako bat eta urteroko argitalpena eskainiko dizkie Ute Aurand, Renate Sami eta Helga Fanderl alemaniar zinemagileei eta Jeannette Muñoz txiletarrari.

Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 14. edizioak berriro bilduko ditu ez-fikziozko zinemagintzako profesionalak eta zaleak 2020ko martxoaren 2tik 7ra bitartean, Ikuspunturen eskutik. Jaialdiak programazioaren lehen xehetasunak eman ditu gaur, eta erabiliko duen irudia erakutsi du.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiaren programazio proposamenak zazpi atal nagusitan antolatuko dira berriro, eta atal bakoitzaren edukiak jaialdia egin aurretik azalduko dira: Atal Ofiziala, Atzera begiradak, Dokbizia, Punto de Vista Labs, Foku Garaikideak, Ekitaldi Bereziak eta Hezkuntza Programa.

Bestetik, hurrengo edizioaren irudia erakutsi da, beste urtebetez Dani Sanchis diseinatzaileak sortu duena. Haren kontzeptuak ideia ozeanikoa du ardatz, programazioaren zati batean presente egongo dena. Irudia osatzen duten hiru karteletan, honako elementu hauek aurki daitezke: urdina, pultsio gisa; ozeano berreraiki eta aztoratua; eta edertasun natural zatikatua. Hiru elementuok irudiaren sostengu dira, eta esplizitua den horretatik harago joatera gonbidatzen gaituzte.

Egitarauari dagokionez, antolatzaileek iragarri dutenez, Oskar Alegria arduratuko da aurtengo edizioa inauguratzeaz, Zumiriki bere azken lanaren proiekzioarekin. Film honetan, egurrez eginiko txabola batean bizitzen ikusiko dugu Nafarroako zinemagilea, bere haurtzaroko Arga ibai ondoko basoaren erdian memoria formaz eraikitako etxola batean. Alegria bakar-bakarrik egon zen txabola horretan lau hilabetez, izadiarekin harreman estuan. Zumiriki euskal hitz zahar bat da, “ibai erdiko irla” esan nahi duena.

Ikuspuntu 2020 argitalpena lau emakume zinemagileren erretratu bat izango da: Ute Aurand (Frankfurt, 1957), Renate Sami (Berlin, 1935) eta Helga Fanderl (Ingolstadt, 1947) alemaniarrak eta Jeannete Muñoz (Santiago, 1967) txiletarra. Gainera, jaialdiaren atzera begirakoetako bat eskainiko zaie, haien film asko bilduko dituen ziklo baten bidez. Lau zinemagileok aitortza ugari jaso dituzte nazioarteko jaialdi ospetsuetan: hala nola Berlinale, International Short Film Festival Oberhausen, New York Film Festival edo Rotterdamgo IFFR. Zinemagile hauen lana 80ko hamarkadako abangoardismoaren eta zine esperimentalaren barnean kokatu daiteke. Liburuaren edizio lanak egingo dituzte Garbiñe Ortega Ikuspunturen zuzendari artistikoak eta Maria Palacios Cruzek, jaialdiaren programatzaileak. Gainera, hainbat zinemagilek, idazlek eta akademikok parte hartuko dute: George Clark, Soon Mi-Yoo, Sarah Neely, Francisco Algarín, Elena Duque edo Carine Doumit.

Erika Balsom zinemagilearen An Oceanic Feeling izango da aurtengo beste atzera begirakoetako bat. Balsomek An Oceanic Feeling: Cinema and the Sea izeneko saiakera argitaratu zuen 2008an, itsas paisaia zinearen bidez aztertzen duen lana. Hala, atzera begirakoak lotu egingo ditu zinearen historiako zuzendari handiak eta zine garaikidea, itsasoaren metaforaren bidez.

Aurten, gainera, X Films proiektuaren 10. urteurrenaren ospakizun berezia egingo da. 2009an sortu zenetik, urtero jaialdiak hiru sortzaile gonbidatu ditu saio dokumental proiektu bat aurkeztera, hurrengo urtean Nafarroan filmatzeko. Epaimahai batek proiektu irabazlea aukeratuko du eta jaialdiaren hurrengo edizioan aurkeztuko da. 2020ko martxoan, Maddi Barberren Rojo aurkeztuko da, X Films egitasmoaren 10. film irabazlea. Urteurrena ospatu eta ekimen honetan partaide izan diren zinemagileen aitortza egiteko, Ikuspuntuk ziklo berezi bat antolatuko du, X Films proiektuaren film irabazle guztiak Civivox Condestable aretoan proiektatuz.

Jaialdiaren kolaboratzaileei dagokienez, aurtengo edizioan, harremana sendotuko da betiko babesleetako batzuekin (Iruñeko Udala, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Filmoteka edo Uharteko Arte Garaikideko Zentroa) eta akordioak egingo dira bidaide berriekin (Cervantes Institutua edo Goethe Institut).

Bestalde, dagoeneko zabalik dago boluntario eta Epaimahai Gazteko kide izateko izena emateko epea. Batean edo bestean izena eman nahi dutenek otsailaren 11ra arteko epea izango dute. Informazio gehiago: www.puntodevistafestival.com.

Zabaldu: