(argazkia: Zinegin festibala)

Ostegunean abiatuko da euskarazko filmak hedatzeko Zinegin jaialdia, Hazparnen

Igandera bitartean, estreinatu berri diren euskal filmak proiektatuko dituzte.

Ipar Euskal Herrian euskal zinemaren erakusleihoa izateko helburuarekin, udazken honetan ere Hazparneko Zinegin festibala antolatu dute Eihartzea kultur etxeak,  Haritz Barne zinema-gelak eta Ttattola gaztetxeak elkarlanean. Jaialdiaren hamabigarren edizioa hilaren 19tik 22ra egingo dute aurten. Hala, estreinatu berri diren euskal filmak proiektatuko dituzte Hazparnen “euskal kulturak bizitzeko behar duen hats gune bat izateko asmoz”.

Festibalari hasiera emateko, ostegunean Eñaut Castagnet, Lander Garro eta Manex Fuchen Positive bomb film laburra eta Paxkal Irigoyen Etxeberri eta Maia Iribarne Olharagayren Bañolet  filma proiektatuko dituzte egileen presentziarekin.

Ostiralean, musika eta argazkia uztartuko dituen bi kontzerturen txanda izango da: Nahia Garate bere argazkiekin Barnez Kanpo taldearekin arituko da eta Lumi taldea, berriz, Nagore Legarretarekin. Gainera Hariak ere zuzenekoa eskainiko du. Filmei dagokienez, Oier Puentesen 10 WATT bakarrik film laburra eta Iratxe Fresnedaren Tetuan ez-fikziozko lana emango dituzte.

Larunbatean Tourné-monté tailerrean taldeka edo bakarka parte hartu ahal izango da eta bertan, film labur-laburrak sortzeko aukera egongo da smartphone edo kamera batekin lagunduta. Mikel Alvarez Sarriegiren Azken dantza maisua eta Josu Martinezen Bizkarsoro eta Mirande, film bat egiteko zirriborroa lanak proiektatuko dira. Bestalde, Alberto Vazquezen Unicorn Wars animaziozko film luzea eskainiko da euskaraz.

Amaitzeko, igandean, animazio filmen txanda izango da Debako Animadeba festibalaren eskutik. Horrez gain, Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie eta Paul Urkijoren Irati emango dituzte.

Zabaldu: