(argazkia: Euskaltzaleen Topagunea)

Ostera 2024 jaialdi ibiltariak Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiño zeharkatuko ditu urria eta azaroa bitartean

Aurtengo edizioak aniztasunean eta aberastasun kulturalean oinarritutako etorkizuneko euskalduntasun (gu) berri bat irudikatu eta islatu nahi du. Musika ardatz, asteburu osoa iraungo duen egitarau zabala eramango du Osterak Bizkaiko hiru herri hauetara.

Ostera 2024 kultur festibala aurkeztu du Euskaltzaleen Topaguneak gaur, Bilbon. Aurtengo edizioak Euskaran mundu oso bat kabitzen da! du lelo eta, hain justu, hori da bere helburua: euskarak mundu osoa barne-biltzen duela ikusaraztea.

Jaialdia Balmasedan, Arrigorriagan eta Abadiñon izango da urria eta azaroa bitartean eta berrikuntzaz betea datorrela iragarri du Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak. “Aurtengo edizioak aniztasunean eta aberastasun kulturalean oinarritutako etorkizuneko euskalduntasun (gu) berri bat irudikatu eta islatu nahi du. Musika ardatz hartuta, asteburu osoa iraungo duen egitarau zabala eramango du Osterak Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiñora, zuzen-zuzenean eta doan.

Herri bakoitzean lau egunez luzatuko den egitarau zabala eskainiko du kultur festibalak: musika, flamenko eta dantza bertikal ikuskizunak, bakarrizketak solasaldiak, haur eta familientzako emanaldiak… “Finean, denetik, denentzako eta erabat doan”.

Festibalaren barruan herritarrei eskainiko zaien kultur-egitarauaren osagarri, solasaldi-ziklo bat antolatu da hiru mahai-inguruz osatuta. Zikloak etorkizuneko “gu” irudikatzea du helburu eta euskarak alor ezberdinetan dituen erronken inguruan hausnartuko du.

Balmasedako solasaldiak, Euskara bihar: nola kudeatu hizkuntz aniztasuna? izango du izenburu eta egungo zein etorkizuneko migrazio mugimenduek euskararen erabileran izango duten eragina aztertzeko baliatuko da.

Arrigorriagako solasaldian, Euskara bihar: nola aktibatu erabilera? galderaren inguruan eztabaidatuko da eta hizkuntzaren erabilera handitzeko eman beharreko pausoak aztertuko dira.

Abadiñon, azkenik, Euskara bihar: kulturgintzaren sustapena. Nola sustatu kultur-zaletasuna? gaiaren inguruan jardungo dira solasean eta kulturgintzak dituen erronkak izango ditu hizpide.

Herriz herriko egitaraua

Euskaran mundu oso bat kabitzen da! kultur-festibalak askotariko kultur eskaintza aberatsa eskaini die herritarrei. Hauxe da herriz herriko egitaraua:

Musikari dagokionez, Janus Lester, Gari eta maldanbera eta Nogen taldeen kontzertuak programatu dira festibalaren barruan. Musikaz gain, dena den, eskaintza kultural zabal eta betea eskainiko zaie herritarrei: Lidia De Lorenzo flamenko dantza konpainiaren Sentimundua edo Harrobi dantza bertikal konpainiaren Geu(re)ra ikuskizunak, Antton Telleria, Julen Portillo, Ane Goitia eta Maialen Sorozabalen bakarrizketa saioa eta Maddi Pirata, Gora Bihotzak eta Iratxoen kantu sekretuak haur eta familientzako ikuskizunak, besteak beste.

Zabaldu:

Utzi erantzuna