Hilaren 26an, 'Ez, eskerrik asko' dokumentala proiektatuko dute

Ostiralean abiatuko da 8+5 Zinemaldi Alternatiboa, Donostian

Sin tu permiso, Ez, eskerrik asko eta Tijera contra papel dokumentalak proiektatuko dira, besteak beste. Emanaldi guztiak aire zabalean izango dira iluntzeko 20:00etan.

Hamahirugarren edizioa du aurten, ostiralean, hilak 17, abiatuko den Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Urtero bezala, gizarte gai eta gatazka ezberdinei buruzko dokumental eta pelikula zerrenda bat osatu dute. Hauek zaharrak edo berriak izan, guztiak gaurkotasun handikoak dira, eta zer pentsatua ematen dutenak. Izan ere, jaialdiaren helburuetako bat bizi ditugun egoeren aurrean gogoeta kritikoa eragitea da.

2006ean izan zuen ekimenak bere lehenengo edizioa. “Parte Zaharreko Gazte Asanbladarekin batera lehen edizioa antolatu genuenetik, erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu izateko helburua izan du jaialdiak, zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartuz”. Lehen edizio horren ostean Zinemaldi Alternatiboa antolatu gabe geratu zen hiru urtez, 2010ean Groseko Kortxoenea gaztetxean berreskuratu zuten arte. Geroztik, urtero antolatu izan dute, eta proiekzioak egiteko hiriko gune eta proiektu autogestionatuak lehenetsi dituzte.

Egitaraua

Zinemaldia ostiralean abiatuko da Sin tu permiso dokumentalaren proiekzioarekin, Txantxarrekako Terrazan. Estatu espainiarreko hardcore eta punk eszenan musikari emakumezkoen partaidetzaren inguruko erradiografia egiten du filmak.

Hurrengo emanaldia larunbatean izango da Rame pour ta planete dokumentalarekin, Sagueseko frontoian. Estatu frantseseko eta Iparraldeko surfistek itsasoaren defentsan aurrera eramandako hainbat borroka kontatzen ditu. Proiekzioaren ostean, Antondegi Berdea plataformako kideekin eta Sabina Hourcade zuzendariarekin solasaldia izango da, Marruma Kultur Elkartearen eskutik.

Irailaren 23an, osteguna, izango da hurrengo emanaldia Sagueseko frontoian. Groseko Asanblada Feministak antolatuta, Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentala ikusteko aukera egongo da. Jarraian, Larraitz Zuazo zuzendariarekin solasaldia eta Bitsa fanzinearen aurkezpena egingo dira.

Intxaurrondoko Letamaneko terrazan izango da hurrengo hitzordua, hilaren 24an, Piztu Donostiako kideek aurkeztu eta proiektatuko duten Tijera contra papel dokumentalarekin. Hainbat testigantza jasotzen dituen zentsura politikoari buruzko pelikula da honakoa.

Larunbatean, Trinitate plazara egingo du saltoa zinemaldiak. Bertan, Africa en cinecicleta dokumentala proiektatuko da. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurkezpen berezia izango da honakoa, izan ere, filmak kontatzen du Carmelo Lopezek eta Isabel Segurak Afrikatik egindako bidaia. Bikote madrildarrak bizikletaz zeharkatu zuen kontinentea eta herri bakoitzean argindarrik gabe eskaintzen zituzten filmak. Argindarra sortzeko bizikletak erabiltzen zituzten, besteak beste. Donostian, gauza bera egingo dute filma proiektatzeko. Sorkuntza Txokoak antolatu du emanaldia.

Zinemaldiari amaiera emateko, hilaren 26an, igandea, Ez, eskerrik asko dokumentala proiektatuko dute Gladys Enea parkean. Bertha Gaztelumendik eta Sabino Ormazabalek zuzendutako filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzeko aurkeztu zen iaz, baina ez zen onartua izan. Zuzendariek filma aurkeztuko dute Donostian.

Zabaldu: