Besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak, ikuskizunak eta haurren txokoa izango dira igandera bitartean.
Hiru egun baino ez dira falta Euskal Herria Zuzenean Festibalari hasiera emateko eta Arberatzen muntaketa lanak aurrera doaz. Datorren ostiraletik igandera izango da aurtengo edizioa eta eskaintza zabala izango da aurtengoan ere, “musikaz, hitzaldiez, haurren txokoaz, ikuskizunez eta beste hainbestez gozatu nahi baduzu giro apartean zatoz, hauxe da zure lekua”, adierazi du antolakuntzak sare sozialen bidez zabaldutako mezuan.
Maxker, Tapia eta Leturia, Marte Lasarte, Fermin Muguruza, Bengo, Olaia Inziarte, Xatiro, Xiberoots eta Errobi izango dira oholtzara igoko diren talde eta bakarlarietako batzuk. Gainera, egunero bizitzen ditugun arazoei buruz gogoeta egiteko gunea izango da festibala aurtengoan ere. Hala, euskararen egoera, Palestina, errepresio faxistak edota lurraren defentsa izango dute hizpide antolatu dituzten hitzaldietan.
Irisarritik Arberatzera
Iazko edizioak Amikuze eskualdera egin zuen jauzi, “euskal kulturarentzako eta herri dinamikentzako emankorrak diren lurretan haziak ereitera”. Antolatzaileen esanetan, “lurra bezala, EHZ aberasten da eta etengabeko kimu hazkuntzan denez, Irisarritik Arberatzera joan zen festibalaren eta herri baten erritmoak uztartzera”.
Adierazi duenez, “kulturgintzaren kapitalizazioa eta pribatizazio nehoiz baino bortitzagoa den garaiotan, EHZ-k landuriko lurrak emankor izaten segitzen du, landatzen den herrian dinamikak bultzatzen baititu tokiko erritmora egokituz, Amikuze eskualdeko biztanleekin batera”.
Ziklo desberdinez osatu da EHZ. Funtsean, urte anitzez loratuz joan, eta lekuz aldatu behar izan du barnebiltzen dituen antolaketa talde eta laguntzaileen belaunaldien joan-etorrien erritmora. “Lurrez elikatuz eta soroak irauliz eraiki da urteetan zehar, salgai izan gabe”.
Makrofestibaletatik haratago, festibala hemengo (h)erritmotik eraikitzen dela nabarmendu dute. “Lurra denen ondasuna den heinean, EHZ-k ere hala izan nahi du, herri batez osatua eta herriaren erritmoak markatua, produktu kultural merkantilizatuen erritmo frenetiko eta esponentzialetatik kanpo”.
Arrosatik Arberatzera, milaka laguntzailek, belaunaldiz belaunaldi, EHZ landatu dutela dio antolakuntzak, “elkar trukea, auzolana eta autogestioa oinarri harturik”.
Egitaraua, hemen.