(argazkia: Nafarroako Bertsozale Elkartea)

Ostiralean emango diote hasiera Nafarroako taldekako bertso txapelketari

Oraingoan ere auzolana eta talde lana izango du oinarri. Denetara 13 taldek hartuko dute parte.

Bardoak taldekako txapelketaren zazpigarren edizioa hilaren 13an abiatuko da Nafarroan. Oraingoan ere, talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituztenen zerrendara, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak. Hain zuzen ere Irurtzun, Tafalla, Etxauri, Irunberri, Iruñea eta Tuteran. “Modu honetan, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko apustuari eutsi diogu”, adierazi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Urriaren 26ra arte luzatuko den egitasmoak 20 saio izango ditu guztira. Finala Garesen egingo da, eta lehiaz harago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango dela nabarmendu du Bertsozalek.

Transmisio lanaren erakusgarri

Edizio berri honetan 91 kidek hartuko dute parte: “bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak… Helduak eta gazteak, herri batekoak eta bestekoak, beteranoak eta hasiberriak, Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta elkargune izango dira Bardoak. Kopuruek ongi erakusten dute Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira Bertso Eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du egitasmo honek”.

2012an sortu zen txapelketa, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartzeko asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna