Ostiralean hasiko da aisialdiaz euskaraz gozatzeko Darabilbo programa

Jarduera guztiak euskaraz eta doan izango dira euskara ikasten ari direnentzat, euskara maila hobetu nahi dutenentzat eta euskaraz bizi nahi dutenentzat.

Aisialdian euskararen erabilera sustatzeko, Darabilbo programa jarri dute martxan Bilboko Udalak eta hiriko euskaltegien sareak. Egitasmoa euskara ikasten ari direnei, euskara maila hobetu nahi dutenei eta euskaraz bizi nahi dutenei zuzenduta dago.

Hala, Darabilbok irailaren 3an emango dio hasiera denboraldi berriari, Bilboko Arte Ederren Museorako bisita gidatu batekin. Interesa dutenek izena eman beharko dute darabilbo@gmail.com helbidera idatzita edota 607 530 132 telefono zenbakira deituta.

Horrez gain, irailean, beste bi jarduera izango dira: lehena elikadura tailerra online izango da, Andrea Larrea eta Nahia Zeziagaren eskutik, irailaren 24an, 18:30etik aurrera. Bigarrena, berriz, garagardoa dastatzeko saio bat izango da Garagardoaren Katedralean, Mario Birretiren eskutik, irailaren 25ean, 12:00etatik aurrera.

Eskaintza osoa eta informazio gehiago darabilbo.eus webgunean izango duzue ikusgai. Jarduera guztiak unean uneko osasun-segurtasuneko neurrien eta gomendioen arabera egingo direla azpimarratu dute antolatzaileek, eta, horregatik, gerta liteke ekimenen bat aldatzea.

Darabilbo 2013an abiatu zen, eta, ordutik hona, askotariko ekimenak egin izan dira. Jarduerak taldean egiten dira, urteko hilabete guztietan (uztailean eta abuztuan izan ezik) eta barruti guztietan. Interesa duenak, gainera, jarduera berriak proposatu ditzake, programari eransteko. Proposamenak whatsapp bidez egin daitezke 607 530 132 telefonora idatzita.

Zabaldu: