Ostiralean hasiko da Altxa Kopla Hori! Bertso musikatuen egitasmoa, Luioandon

Arabako hogei bertsolarik, bost gai jartzailek eta lau musikarik parte hartuko dute. Denak adin, herri eta belaunaldi ezberdinetakoak izango dira.

2017an abiatutako bidearekin jarraituz, Arabako Bertsozale Elkarteak aurten ere Altxa Kopla Hori! bertso musikatuen egitasmoa jarri du martxan, bertsozaleei kopla doinuekin gozatzeko aukera eskaintzeko asmoz. Lagun arteko formatuan, kalean, musikaz lagunduta eta kopla oinarri hartuta bost saio antolatuko dira. “Kopla, bertso erdi bat baino gehiago izanik, bertsotan egiteko neurri herrikoia da. Musikaz lagunduta eta lagun arteko giroan gozatzeko aukera ematen duena”, azaldu elkarteak.

Hala, Arabako hogei bertsolarik, bost gai jartzailek eta lau musikarik parte hartuko dute, denak adin, herri eta belaunaldi ezberdinetakoak izango dira. “Kalean edo plazan, tabureteetan edota aulkietan eserita, doinu batzuk musikaz lagunduta eta entzuleengandik hurbil”, adierazi dute antolatzaileek.

Datorren ostiralean, uztailak 2, Luioandoko fronntoian, arratsaldeko 20:00etan, emango zaio hasiera egitasmoari. Lehen saio honetan Paula Amilburu, Manu Bendala, Aitor Najera eta Felipe Zelaieta bertsolariek hartuko dute parte, gai jartzaile lanetan Uxue Diaz de Cerio egongo da eta Unai Mendibil eta Nahiara Eizagirre musikaz arduratuko dira. Bigarren saioa, berriz, Aramaion izango da uztailaren 15ean.

Arabako Bertsozale elkarteak aurrerago iragarriko ditu irailean egingo diren beste hiru saioak.

Zabaldu: