Denetara zazpi emanaldi izango dira, Iruñeko hainbat gunetan.
Bertsoaroaren 33. edizioa ate joka dugu Iruñean. Otsailaren 8an hasi eta martxoaren 1era arte luzatuko da aurtengoan. Tartean, zazpi emanaldi izango dira, hiriko hainbat espaziotan.
Urtero bezala, unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu aurtengo edizioak ere. Programazioaren baitan, lau bertso jaialdi izango dira, AMAraun izeneko saio berezia, Bertso saio espekulatiboa. Etorkizuna bertsotan pentsatzen”bertso saio futurista, iaz ere gozatu genuen Bertso jasa bat-bateko jolasa haurrentzako tailerra, eta, aurreko edizioko arrakastari jarraipena emanez, bertso afaria ere izango da. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei ere protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek.
Antzerki Eskolan egingo diren lau emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute, 0 eta 14 urte artekoen kasuan, berriz, doan, eta hiruentzako bonua eskuratu ahal izango da 15 euroren truke(sarrerak salgai daude jada antzokiaren webgunean). Bertso jasa tailerrerako izena eman beharko da aldez aurretik, eta bertso afariaren kasuan, Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak, 28 euroan (kontsultatu menua, hemen). Gazteen bertso saioak sarrera librea izango du, edukiera bete arte.
Emanaldiak
33. edizioa ere, ohikoa den bezala, lehen mailako bertso jaialdi batekin hasiko da. Alaitz Rekondo arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako sei bertsolari. Otsailaren 8an izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko IV: Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da, ekitaldi xume batean.
Otsailaren 14an, AMAraun, amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatuko duen proiektu artistiko berritzailea aurkeztuko digute Oihana Iguaran bertsolari eta Amaiur Luluaga dantzariak. Istorio bat kontatuko digute eskura duten lengoaia guztia baliatuz: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena… Antzerki Eskolan izango da 19:00etan.
Larunbatean, otsailak 17, Sanduzelaiko Civivoxean, Bertso Jasa, bat-bateko jolasa bertso-saioa eskainiko da. Haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira hauek. Haurrak jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tailerra izango da, eta izen-ematea ezinbestekoa izango da nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 15a baina lehen.
Otsailaren 22an, ohiko gisan, bigarren bertso jaialdi bat izango da. Ibilaldi luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute oholtzaren gainean izango diren puntako bertsolariek.
Biharamunean, otsailaren 23an, Laban, bertsolari gazteen saioa izango da. Aurten ere, Bertsoaroak, bertsolari gazteei bere egitarauan leku egiteko apustua egin du. Bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emango zaie gazteen bertso saio honetan.
Otsailaren 28an, saio berezia izango da. Hamar autorek idatzitako, eta Consonnik argitaratutako Zirriborroak eta gero ipuin bilduma oinarri hartuta, bertso saio espekulatibo futurista izango dugu hau. Maite Berriozabalek jarriko ditu gaiak eta Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga bertsolariak izango ditugu kantuan. Antzerki Eskolan izango da 19:00etan.
Iaz egin zuten bezala, aurten ere bertso afari batekin emango diote amaiera aurtengo Bertsoaroari. Geltokin egingo da, eta tokia izango dute produkzio ekologikoan dabiltzan gertuko hainbat ekoizlek ere.
Amaitzeko, Dom Campistron Aldudeko ilustratzaile grafiko eta marrazkilariak egin du aurtengo Bertsoaroaren irudia.