(argazkia: Pabellon 6)

Pabellon 6 Antzerki Laborategiak ‘Love & Money’ antzezlana estreinatuko du azaroan

Bilboko Antzerki Laborategiak euskara hutsean egiten duen lehenengo ekoizpena da. Taula gainean Ugaitz Alegria, Aitor Echarte Merino, Eneritz Garcia Alonso, Miriam K. Martxante eta Aiora Sedano aktoreak ikusiko ditugu, Cecile Marquetten zuzendaritzapean.

Bilboko Pabellon 6 Antzerki Laborategiak euskara hutsean sortutako lehen ekoizpena estreinatuko du azaroan. Love & Money du izena obrak eta Dennis Kelly-ren antzezlan bat du oinarri.

Alderantziz kontatutako fabula garaikide ilun honetan, Kellyk ondorengo galdera planteatzen du: “Zer geratzen da maitasunarekin diruarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean?”. Zorpetutako bikote baten infernuetara jaitsiz, kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruz galdetzera gonbidatzen gaitu obrak. Baita geure nahiez galdetzera ere.

Ugaitz Alegria, Aitor Echarte Merino, Eneritz García Alonso, Miriam K. Martxante eta Aiora Sedano aktoreak ikusiko ditugu taula gainean, Cecile Marquetten zuzedaritzapean.

Marquettek adierazi duenez, “alokairua ordaintzeko prostituitzear dagoen lagun bat. Erosketa konpultsiboen eta kontsumorako kredituen menpekotasuna duen pisu-kide bat. Ni, nire aktore-karrerari eusteko lantxoen atzetik noa. Diruak ez du zoriontasuna ematen. Agian ez, ez erabat, baina inozoa izan behar da nolabait lagunduko ez duela pentsatzeko. Horren adibideak ez zaizkigu falta, hilabete amaieran edo krisi ekonomikoetan eta albistegietan aipatzen diren drama anonimoetan daude”.

Money makes the world go round abesten zuten Cabaret musikalean eta 60 urteren ostean, ezin da esan gauza aldatu denik. “Love & Money irakurri nuen lehenengo aldian, Frantzian, bere bizi-baldintzak salatzeko bere buruari su eman zion ikasle hartaz ari ziren nonahi, eta egunen batean antzezlan hau zuzendu behar nuela konturatu nintzen”, azaldu du zuzendariak. “Gizarte honetako errealitaterik basatienetako bati buruz hitz egiteko zuen gaitasunak hunkitu ninduen, miserabilismoan eta moralismoan erori gabe. Ahulak zein moralgabeak, biktimak zein martirizatzaileak, eszenaratzen diren pertsonaiak eguneroko bizitzako pertsonaiak dira. Beren bulkaden eta gizarte materialista eta indibidualista baten presioen artean harrapatuta, gertaera izugarrietara eramango dituzte espiral batean arrastaka”.

Zabaldu: