(argazkia: EZAE)

Pablo Agüerok zuzendutako ‘Akelarre’ filmak irabazi du VII. EZAE Saria

Koldo Zuazua eta Iker Ganuza Akelarre filmeko ekoizleek jaso dute saria talde osoaren izenean, eta jasotako babesa eskertu dute, izan ere, ikusleen babesari esker, “filma Euskal Herrian fenomeno bat izatera iritsi da; erreferentzia zinematografiko bat pandemia garaian”.

Pablo Agüero zinemagileak zuzendutako Akelarre filmak jaso du VII. EZAE Saria, Donostia Zinemaldiaren baitan. Ekitaldian gainera,  zinema aretoen eginkizuna aldarrikatu dute, izan ere, filmez gozatzeko leku aproposena direla nabarmendu dute jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek eta EZAE elkarteko presidente Alfonso Benegasek. Horrez gain, ikus-entzunezko sektorearen balio-kateko eragile guztien arteko elkarlanaren alde apustu egin dute, egungo egoera zailari aurre egin ahal izateko.

Koldo Zuazua eta Iker Ganuza Akelarre filmeko ekoizleek jaso dute saria talde osoaren izenean, eta jasotako babesa eskertu dute, izan ere, ikusleen babesari esker, “filma Euskal Herrian fenomeno bat izatera iritsi da; erreferentzia zinematografiko bat pandemia garaian”.

Rebordinosek film irabazlearen taldea zoriontzeaz gain, berretsi egin du “jaialdiak zinema aretoekin duen konpromisoa, bereziki une zail hauetan”, eta “urte osoan zinema ikusten jarraitzera” animatu du publikoa.

Benegasek azpimarratu duenez, 2020an euskal film handi ugari estreinatu ziren, hala nola Ane, Hil kanpaiak, Urtzen, Non dago Mikel?, Erlauntza, El Drogas, Hijos de Dios eta Caminho Longe, besteak beste, baina azkenean Akelarre aukeratu du elkarteak, bai lortutako sarrera-salmentengatik eta bai jasotako aintzatespen ugariengatik. Halaber, pandemiaren garaian aretoen aldeko apustua egin duten banatzaile guztiei eskerrak eman dizkie Benegasek.

Lehenengo EZAE sariak Loreak filmaren ibilbidea aintzatetsi zuen 2015eko Zinemaldian. 2016. urtean, berriz, Amama pelikula izan zen saritua; 2017an, Juanba Berasategi zinemagileak hil osteko omenaldia jaso zuen; 2018an, Handia filmari egokitu zitzaion saria; 2019an, Dantza izan zen irabazle, eta iaz, La Trinchera Infinita lanak jaso zuen aintzatespen hau.

Zabaldu: