(argazkia: Erein)

[BIDEOA] Pako Aristik Getariako arrantzaleak izan ditu bidelagun ‘Ni eta Gu. Zazpigarren uhina’ poema liburua ontzeko

Lan honetan leku fisikoak: Getaria, Orio eta Zestoa, heriotza eta 20 bat argazki agertzen dira.

Getariako arrantzaleekin portuan izandako solasaldietatik abiatuta idatzi du Pako Aristik (Urrestilla, 1963) Ni eta Gu. Zazpigarren uhina izeneko poema liburu berria. Idazleak zazpigarren lana du genero honetan eta Erein argitaletxeko Inazio Mujika editorearekin aurkeztu du Donostian. “Poema narratibo hauetan bere jakin-mina itsasora eramaten gaitu, itsas gizon eta emakumeengana”, azaldu du editoreak. “Aristik filosofia bat erakusten digu, bizitzeko modu bat, ikuspuntu bat, berea beti. Idazle bat badago Euskal Herrian ahots bat bilatu duena hori Pako da”, jarraitu du Mujikak. Bere ustez, “liburuan etika bat agertzen da, pertsonei begiratzeko modu bat du, oso berea. Oso humanoa da Pakoren poesia, gizona edo emakumea da gauza guztien neurria, eta paisaia ederra baldin bada da pertsonei buruz zerbait kontatu nahi duelako”.

Aristik kontatu duenez, poesia liburu honen oinarrian Edgar Lee Masters idazle estatubatuarraren Spoon River Anthology (1915) liburua dago, idazle gipuzkoarrari idazteko abiapuntu gisa balio izan dion liburua, “Kanposantu bateko epitafioen bidez, herri batean bizi izan ziren pertsonen biografia sorta txiki bat egiten da honetan. Niri ere asko gustatu izan zait beti hori egitea, herri batean eta bertako pertsonen atzean zer dagoen, ze istorio dauden kontatzea, eta kazetaritzak lagundu izan dit hori ikertzen eta arakatzen, elkarrizketa asko egin ditut nire bizitzan, baina irudimenak ere aukera eman dit pertsona horiek pertsonaia literario bihurtzeko”, adierazi du.

Liburu honetan leku fisikoak: Getaria, Orio eta Zestoa; heriotza; eta 20 bat argazki agertzen dira, “pertsona hauen testuinguru fisikoa jaso nahi nuen argazkien bitartez, eurek zer ikusten duten eguneroko bizitzan”. azaldu du egileak.

Aristik duela hiru bat urte hasi zen liburua ontzen eta kontatu duenez, garai hartan elkarrizketatu zituen pertsonetako batzuk dagoeneko hil dira, horregatik ageri da heriotza bere azken lan honetan, heriotzarekin baina, hilzorian dauden ofizioak ere ekarri nahi izan ditu gogora idazleak.

Zabaldu: