Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia apirilaren 23tik 30era egingo da Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean, eta baita hiriko beste agertoki batzuetan ere. Aurten berriro izango da Tabakaleran Zinema eta Memoria zikloa.
Annemarie Jacir zinemagile palestinarraren Palestine 36 (2025) filmak emango dio hasiera Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldiari apirilaren 23an, Victoria Eugenia Antzokian. Jacir bere herrialdeko historiara hurbildu da zinta honekin eta bere bizitzan egin duen gauzarik zailena izan dela aitortu du: “genozidioa hasi zenean, denak jo zuen behea. Gure herria suntsitzen ari ziren, eta gure historiaren une ilun bati buruzko film bat egiten saiatu ginen, inoiz bizi izan dugun unerik ilunenetako bat biziko genuela jakin aurretik. Sakonera berrietan murgildu ginen; eromen bat zirudien. Batzuetan lur jota geunden. Kontua galdu nuen zenbat aldiz hasi eta gelditu zen ekoizpena. Aurrera jarraitu genuen. Antzezleak eta ekipoa elkartu egin ziren zerbait egin beharra zegoela tematuta, gure oinaze guztia maitasun ekintza batean iraultzeko, elkarri esateko ez gintuztela ezabatuko. Gidoia, historia, lokalizazioak… dena aldatu zen. Gauza bat indartu zen, ordea. Film hau ofrenda bat bihurtu zen”, adierazi du.
Giza Eskubideen 23. Zinemaldia
Urtero bezala, zinemaldiak hainbat gai izango ditu ardatz, besteak beste, emakumeek erlijioetan duten papera, Bangladesheko larrialdi klimatikoa munduko beste eskualde askotan gertatzen ari denaren adibide gisa, eta ehungintzaren industriako lan prekarietatearen feminizazioa, kasu honetan Ekialdeko Europan.
Bestetik, kontatuko dituen historien artean daude Josef Mengeleren desagerpena, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Hego Amerikara ihes egindakoa; sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeek salaketak egiterako orduan dituzten zailtasunak, eta emakume errefuxiatuen arteko sororitatea.
19:00/20:00etako emanaldien ondoren egingo diren solasaldietan gaur eguneko hainbat gaitan sakonduko da, filmetako ordezkariek eta giza eskubideen arloan lanean diharduten pertsona, ekintzaile eta erakundeek parte hartuta; beren esperientziak publikoarekin partekatuko dituzte.
Gainera, aurten berriro izango da Tabakalerako Zinema eta Memoria zikloa. Zikloa osatzen duten hiru pelikuletan (Mes fantômes arméniens, La noche está marchándose ya eta Redlight to Limelight) historia kontatzeko garaian irudiek duten ahalmena eta garrantzia aztertzen dira.