PamploSound jaialdiaren bigarren edizioa maiatzaren 14an abiatuko da

58 musikarik parte hartuko dute jaialdian: Iker Piedrafita, Tonino Carotone, Jose Ramon Garcia, Gorka Urbizu, Pedro Fernadez Razkin eta German San Marin dira horietako batzuk.

PamploSound onlineko musika jaialdia iazko abenduan jarri zen martxan musika sektorea laguntzeko helburuz, izan ere, “musika da bereziki osasun krisiaren ondorioak jasaten ari dena, ezinezkoa baita kontzertuak eta ekitaldi jendetsuak egitea”, adierazi du Iruñeko Udalak. Aurreko edizioak izandako harrera ona ikusita, edizio berri hau antolatzea erabaki dute, hamar kantu berrirekin. Horretarako, hainbat estilotako taldeak konposatzeko, entseguak egiteko, moldatzeko eta kontzertuak eskaintzeko elkartu dira.

Nafarroako musikari batzuk, hala nola Iker Piedrafita, Tonino Carotone, Jose Ramon Garcia, Gorka Urbizu, Pedro Fernadez Razkin eta German San Marin arduratu dira jaialdiaren kartela osatzen duten hamar abestiak sortzeaz, eta horiek webgunean entzun ahal izango dira datorren maiatzaren 14tik aurrera. Halaber, Iruñea kultura da ekimenaren sare sozialetan elkarrizketak, making-offak eta artisten gogoeta interesgarriak jasoko dira.

“PamploSound edizio honen balio erantsia sormen artistikoaren aldeko apustua eta sustapena da”, azaldu du antolakuntzak. “Ez da musikariek bakarrik kantak interpretatzeko jaialdi bat; izan ere, artistek nahi dituzten abestiak sortzen eta berrikusten parte hartzen dute”. Zentzu horretan, Udalak musika sektoreari, abeslariei zein musikariei, lagundu ez ezik, tokiko artisten lana balioan jarri nahi izan du, bere sormena erakusten lagunduz.

Zabaldu: