(argazkia: Vital Fundazioa)

Pandemian zehar bizitako bakardadea islatzen duen erakusketa ikusgai Gasteizen

Jose Luis Caton arkitektoak Konfinamendua izeneko erakusketa paratu du Vital Fundazioan, irailaren 24ra arte.

Vital Fundazioak Jose Luis Caton arkitektoak pandemian zehar sortutako erakusketarekin emango dio hasiera ikasturteari. Konfinamendua du izena obra bilduma honek eta itxialdiko hilabeteetako bakardadea, isolamendu soziala edo hiria hutsik ikustean bizi izan duena islatzen du.

Erakusketa osatzen duten artelanak, egilearen arabera, “Covid-19aren pandemian zehar bizitako bizipenen emaitza da, are zehatzago, hasierako hilabeteetako murrizketa zorrotzena, bereziki. Garai arraroak, larriak; zitalak zalantzarik gabe, eta kezkaz beteak”.

Lanak bi multzo desberdinetan bereizten dira: alde batetik, eskuz egindako paperaren gainean irudikatutako marrazkiak eta collageak bildu dira eta, bestetik, taula fenolikoan teknika mistoa baliatuta egindako formatu handiagoko lanak.

Covid-19aren hedapena saihesteko bat-bateko neurri beldurgarrienetako bat pertsonen arteko kontaktua murriztea izan zen. “Itxialdiaren une latzenetan, hutsik zeuden kaleetan bakarrik zihoazen pertsonak ikusten genituen handik hona ibiltzen”. Horregatik, lan guztien erdigunean gizakia dago, bakarrik gehienetan, hutsik dagoen hiri batean.

Konfinamendua erakusketa Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroan ikusi ahal izango da (Postas 13-15) irailaren 24ra arte, asteartetik larunbatera. 18:00etatik 20:30era; eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.

Zabaldu: