‘Pantheon’ antzezlanaren aurre estreinaldia egingo dute Pasaian

Antzerki obra honek bi pase itxi izango ditu martxoaren 6an eta 7an. 8an berriz, aurre estreinaldia izango da Pasaiako Juanba Berastegi auditoriumean.

MA Ekoiztetxeak Pantheon, lan berria estreinatuko du martxoaren 10ean eta 11n Donostiako Tabakaleran, Dferia jaialdiaren barruan. Aurretik baina, bi pase itxi izango ditu martxoaren 6an eta 7an. 8an berriz, aurre estreinaldia izango da Pasaiako Juanba Berastegi auditoriumean.

Abenduan martxan jarritako crowdfunding kanpainarekin bat egin zuten 118 pertsonari esker, bere helburua gainditu eta ekoizpena amaitzea lortu du MA ekoiztetxeak.

Marga Altolagirre arduratu da antzezlanaren dramaturgia eta zuzendaritza lanaz. Bere hirugarren ekoizpen propioa du Pantheon eta azaldu duenez, antzerki proposamen bat baino gehiago, “esperientzia izugarria da ikuslearentzat”. Antzezlanaren ezaugarri nagusietako bat zuzeneko film baten antza izatea da. Horretarako, hainbat baliabide artistiko erabili ditu: lehenik eta behin, Iñaki Altolagirre musikari eta konpositoreak antzezlanerako propio sortutako soinu bandaren bidez, tentsio uneak sortuko dira. Bestalde, obrak bideo proiekzioa integratzen duen eszenografia diseinu bat du, horrekin jendea zinemara hurbiltzea nahi dute.

Antzezlanak telefono dei bat jaso duen emakume baten istorioa kontatzen du. Dei horretan bere aita hil dela jakinarazten diote, haur bat zenean abandonatu zuen gizon hura. Hori dela eta, protagonista orain arte ezkutuan izan duen zati bat sendatzen eta erreskatatzen saiatuko da. Ainhoa Alberdi, Aintzane Gamiz eta Iñigo Azpitarte aktoreak ikusiko ditugu taula gainean.

Zabaldu: