(Argazkia: LaukitikAt - EKE - cc-by-sa-nc)

Pantxix Bidart hautatu dute Nekatoenea literatura sorkuntza egonaldirako

Hazparneko musikari, kantari eta konpositore eta idazlea Hendaiako Nekatoenea etxean egongo da urrian eta azaroan, eta Pasaiako Hugoenean azaroan eta abenduan. Bi egonaldi hauen bitartean, topaketak antolatuko dira, Bidarteren lana deskubritzeko parada eskaintzeko.

Hamalaugarren aldiz, euskal sortzaile batek parte hartuko du Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterreko zentroak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Ekimen honen bidez, idazleei sorkuntza prozesurako baliabideak eta inspirazio iturriak eskainiko zaizkie. “Nekatoenea eta Hugoenea leku bereziak dira, paisaia eder eta iradokitzaileak eskaintzen dituztenak, eta horrek sortzaileei beren lana garatzeko espazio aproposa ematen die”, adierazi du Euskal Kultur Erakundeko kide Maia Etchandyk.

Aurtengo egonaldiarentzat Pantxix Bidart (Hazparne, 1971) hautatu dute. Musikari, kantari eta konpositorea izateaz gain, lapurtarra idazlea ere bada. Hala, “fikzio historiko baten bidez, 60 hamarkadako Hazparne eta Euskal Herriaren memoria transmititzeko xedea du. Urteetan bildutako lekukotasunei esker, egiazko gertakariak fikzioarekin uztartuko ditu. Horrela, iragana hobeki ezagutuz, 14 urteko gazteei zuzendutako proposamen honek, oraina hobeki ulertzeko gakoak eskaini nahi ditu”, azaldu du Etchandyk.

Pantxix Bidart Hendaiako Nekatoenea etxean egongo da 2024ko urriaren eta azaroaren artean, eta ondotik Pasai Donibaneko Hugoenea etxean azaroaren eta abenduaren artean. Bi egonaldi hauen bitartean, topaketak antolatuko dira, Bidarten lana deskubritzeko parada eskaintzeko.

 

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna