Azkaindarrak folka, tradizioa eta popa uztartu ditu lan berrian. Eñaut Elorrietak eta Xabier Euzkitzek hartu dute parte diskoan, besteak beste.
Pantxoa Carrere (Azkaine, 1948) ezaguna egin zen Peio Ospitalekin batera osatu zuen Pantxoa eta Peio bikotearekin. Lau abestiko lehen EPa 1969an kaleratu zuten elkarrekin, eta guztira hamaika disko luze, bi EP eta single bat argitara eman zituzten 2016an bikoa desegin zen arte.
Handik aurrera Carrerek bakarkako ibilbideari ekin zion. Anaitasunean (Elkar 2016) diskoa kaleratu zuen aurrena eta orain Baga Biga diskoetxearekin kaleratu du Esperantzan disko berria.
Bigarren lan hau iazko abenduan eta aurtengo urtarrilean grabatu du. Josu Ervitik nahasketak eta masterizazioa egin ditu Iruñeko estudioan otsailean eta Iñaki Dieguezek ekoizpen eta konponketen ardura hartu du. Asko dira Azkaindarraren diskoan parte hartu duten eta zuzenekoaren zerrendan dauden musikari kolaboratzaileak: Ritxi Salaberria (baxua, kontrabaxua), lgor Telletxea (bateria, perkusioak), Angel Unzu (gitarra akustikoa, elektrikoa, mandolina, bouzoukia), Claudia Oses (biolina), Ivan Carmona (txeloa) eta Iñaki Dieguez (akordeoia, pianoa, teklatuak, programazioak). Eta musikari gonbidatuen atalean: Eñaut Elorrieta (ahotsa, Esperantzan), Patxi Garat (ahotsa, Zendako euskara), Xabier Euzkitze (ahotsa, Pilota euskal jokoa, eta Esperantzan abestiaren letra), Naia Carrere (ahotsak, Bakea), Ugo Carrere (ahotsak, Bakea, Bi itzal, Amets baten hegalez). Ander Carmonak egin ditu argazkiak eta diseinuak.
73 urteko kantariak ez du galdu ez ahots-erregistroa, ez ahots-eremua, ezta tinbrea ere. Gaztetako ahots fin, dotore eta erakargarriarekin jarraitzen du kantatzen.
Carrereren musika ibilbidean kantua bitartekoa edo baliabidea izan da askatasunaren helburua lortzeko, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzeko, euskararen defentsarik onena egiteko. Herri libre bat anaitasunean. Esperantza horrekin jardun du abesti mitikoen partaidea den kantariak, interpretazioa landu du sormena baino gehiago, eta Euskal Herriko kantu esanguratsuenetarikoak haren ahotsarekin ezagutu ditugu.
Baga Bigaren arabera, “abesti berriak datozenean eragina du 70eko eta 80ko hamarkadetan kantatu genituen abestien xarmak. Oroitzapen horrek erakartzen gaitu ahotsa entzutearekin batera. Pantxoa ospetsuak ongi jakin du nola atondu bere ahots kilikaria musikarekin. Bai, Pantxoaren Esperantzan diskoak kantautoreen hitzordua du, folka, tradizioa eta poparen amantalak erabiliz. Gertukoa egingo zaigu, sentibera, eta harekin batera kantatzeko astindua etorriko zaigu jarraian. Pantxoaren filosofia honela laburtu daiteke: kanta ezazu euskalduna, kanta iezaiozu zure herriari, zapaldutako herri eta gizaki guztiei, abestu maitasunari. Hori ez da, soilik, esperantza. Hori, batez ere, ekintza engaiatua da disko eta kantu bilakatuta”.