‘Papergabe’, ‘friki’ eta ‘zurito’ hitzak erantsi dira Euskaltzaindiaren Hiztegian

Euskaltzaindiak 397 forma berri arautu ditu azken sei hilabeteotan, eta moldaketa zein berrikuntza guztiak hiztegiari erantsi dizkio. Akademiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2019ko lehena da gaur sareratu dena.

Honela, azken sei hilabeteotan, 312 sarrera eta 85 azpisarrera berri arautu ditu Euskararen Akademiak; alegia, 397 forma berri. Horiez gain, beste 465 forma moldatu ditu. Egun, beraz, 39.188 sarrera eta 7.388 azpisarrera (hau da, 46.576 forma) eta 64.210 adiera ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

Gizartearen isla diren formak
Forma berriak erantsi dira Hiztegian, gaurko corpusetan erabilera-maiztasun handikoak eta, beraz, gizartearen isla direnak. Hemen adibide batzuk:

  • gaixo(-)agirieta sendagiri, baina, horiekin batera, baja eta alta
  • baxo (Ipar., Frantziako estatuan, bigarren hezkuntza ikasketak amaitu ondoren, unibertsitaterako sarbidea ematen duen azterketa; azterketa hori gainditzeak ematen duen ikasketa-maila)
  • behe-maila edo lagunarteko hitzak, Hegoaldean lekua hartu dutenak: flipatu, friki
  • janari-edariak: curry, sushi, tofu, pintxo, zurito
  • migrante, papergabe
  • intersexual, transgenero

Pertsona-izendegi berriak ekarri duen izendapen berria: epizeno. Gainera, hainbat formatan definizioak moldatu edo osatu dira (brebeta, bazar, kongresu...), adierak gehitu dira (ezkontza, gorriak ikusi...), adibideak gehitu edo moldatu (zaintza, zirku…), loturak (berme, entzungor egin…) eta marka osagarriren bat gehitu (funtzionalismo, hutsarte…), etab. Eta azpisarrera gisa jasoa zegoen barazki-jalesarrera izatera pasatu da, barazkijale forman.

Berrikuntza kontsultan
Orain arte ez bezala, sarrera batetik beste baterako loturetan estekak ezarri dira hiztegi osoan, zuzenean, klik baten bidez, aipatutako sarrera horretara joateko. Adibidez, hiztegian baxo kontsulta eginda, bi sarrera erakutsiko dizkigu hiztegiak. Lehenengoan “ik. selektibitate” daukagu eta, horren gainean klik eginda, zuzenean selektibitate sarrerara eramango gaitu.

Zabaldu: