Pasadena taldeak izen bereko diskoa kaleratu du

Pasadena, Konpost, eta Arri! talde eta bakarlariak disko berriekin izango dira Durangoko Azokan

Ate joka dugu Durangoko Azoka eta asko dira euren diskoak kaleratzen ari diren taldeak eta bakarlariak. Erraia zigilua hiru nobedaderekin izango da Landako gunean: Pasadena, Konpost, eta Arri! bakarlari eta taldeen lanak.

Pasadena Libe Garcia de Cortazarrek (Libe, Neubat, Izaki Gardenak) eta Jon Basagurenek (Izaki Gardenak) martxan jarri duten proiektu berria da. Kantuak osatzerako orduan, urteak daramatzate elkarri laguntzen, baina orain arte ez dira hastapenetik biona izango den disko batean pentsatzen jarri. Musika, hitzak eta ekoizpena euren esku hartu dute eta Danilo Forondak osatu ditu gitarra elektriko eta baxu moldaketak. Dani Arrizabalagak, berriz, bateriarenak. Emaitza zortzi kantuz osatutako diskoa izan da.

Konpost taldeak ere lehen lana kaleratu du, baina laukote honetako kide batzuek bide luzea dakarte atzetik, eta ez adinagatik bakarrik. Ruben Sanchezek, Txerra Bolinagak, Bingen Mendizabalek osatzen dute taldea. “Hala ere, ez pentsa aurreko lanetako eragin agerikorik topatzerik hemen, berriz ere zerotik haste bat, birziklatze bat, baita Konpost”, azaldu dute diskoetxeko kideek. Besteak beste, rockaren, poparen eta bluesaren lurretan ongarritu dira hamar kanta hauen musika sortzeko. Hitzek, berriz, umoretik adina dute kritikatik edota garratzetik.

Amaitzeko, Arri!-k (Dani Arrizabalaga) Ekham izeneko diskoa argitaratu du. “Itzalaldi batek hiria ilunpetan uzten duenean, gehiengoa gaizki esaka hasten da dena konpondu bitartean: beste batzuek lapurretarako baliatzen dute aukera. Zorionekoenek ordea, kandela baten argitan xehetasunez josiriko unibertso itzalezko bat aurkitzen dute”, diote diskoetxekoek. Hala gertatu zen pandemian, eta hala osatu du musikari gasteiztarrak bere bakarkako lehen proiektua.

Hiru disko hauekin batera, Mice-ren lehenengo diskoak eta Zilar printzak EPa berrargitalpenak, besteak beste, osatzen dute Erraiak Durangon aurkeztuko duen katalogoa.

Zabaldu: