(argazkia: Pasaiako Udala)

Pasai Antxo agertoki biziduna bihurtuko da ekainaren 6tik 9ra

Jaialdi hau tokiko eta eskualdeko talentuaren erakusleiho izateaz gain, proiektu eta dantza estilo berrien katalizatzaile ere bada.

Pasai Antxoko hainbat txokok Dantza jaialdia hartuko dute ekainaren 6tik 9ra bitartean. Horretarako egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek: euskal konpainien ikuskizunak (LaSala, Led Silhouete, Kukai, Elirale) bertako dantza eskolak (IkerMurillo-Studio24, Alkartasuna), dantza estilo desberdinak sustatzen dituzten elkarteak (Donostia Lindy Hop, Unnity Hip Hop Lab elkartea) eta udalerriko adin ezberdinetako pertsonak parte hartzen duten proiektu inklusibo bat.

Ekintza eta ikuskizun guztiak doakoak izango dira, komunitate osoaren parte-hartzea eta sarrera erraztuz. Jaialdia bereziak edo bitxiak diren espazio publikoetan izango da, “denontzat esperientzia murgiltzaile eta irisgarri bat” sortuz.

Aurten, jaialdiak 22 ekintza izango ditu guztira, zortzi dantza konpainia profesional eta hiru koreografo berrien piezak barne, eta dantza-zinemaren film labur baten estreinaldia ere izango da. Gainera, Battle freestyle txapelketa ekitaldi esperoenetako bat izango dela dio antolakuntzak. “Inprobisaziozko dantza lehiaketa honek dantza urbanoak ezagutu eta gozatzeko aukera paregabea eskainiko du”.

Teo Alberro Pasaiako alkatearen arabera, “izen handiko konpainien, herriko eskolen, elkarteen eta boluntarioen lanari esker, jaialdi hau dantzaren esparruan erreferente gisa hazi eta sendotu da. Gure komunitatearen ahalegina eta lankidetza miresgarriak dira. Harro egoteko modukoa da ikustea urtez urte jaialdi hau, bere esentziari eusteaz haratago, proposamen eta jarduera berriekin aberasten dela, gure bizilagunen dinamismoa eta sormena islatzen”.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “jaialdia arte mugimenduaren erreferente bihurtuz doa, udalerriko eta kanpoko publiko leiala erakarriz. Dantza estilo anitzak ezagutzera eman nahi duen programazio batekin, jaialdiak prestigioa duten konpainien erakusleiho izateaz gain, proiektu berrien katalizatzaile ere izan nahi du”. Laburbilduz, “Pasaiako Dantza Festibala kultur ekitaldi bat baino gehiago da; dantzaren ospakizun bat da, bere forma eta adierazpen guztietan, gure nortasun kulturalaren isla eta kohesio sozialaren eragile bat”.

Zabaldu: