Pasioa izango da aurtengo dFeria azokaren gai nagusia

Martxoaren 9tik 12ra bitartean izango da aurtengo dFeria jaialdia. Nobedadeen artean aipatzekoa da publiko berriei ireki nahi diela atea, horrexegatik, publiko gazteari zein familiei zuzendutako hainbat antzezlan programatu dira.

Edizio honetan, 32 konpainien 33 ikuskizun eta 42 emanaldi eskainiko dira Donostiako hainbat agertokitan. Hiria bera, arte eszenikoen azoka ikusgarri bat bihurtuko dela azpimarratu dute arduradunek. Aipatzekoa da ikuskizunen %56a estreinaldiak izango direla, horietatik bederatzi Euskal Herriko dantza eta antzerki ikuskizunak, besteak beste.

Aurten, martxoaren 9tik 12ra bitartean izango da dFERIA, nahiz eta aurreko larunbatean programatutako zenbait ikuskizun bere baitan hartu. Aurtengo gaia pasioa izango dela iragarri dute antolatzaileek, ardatz horren inguruan garatuko da hein handi batean 2020 edizioko ildo editoriala.

Azkenik, aipatzekoa da Donostiko antzerki azoka honetan, beste urte batez, Brasil, Costa Rica, Ekuador eta Mexikoko nazioarteko programatzaileak izango direla.

Arte eszenikoetako profesionalentzat erreferente bat bilakatu da dFeria eta harremanak sendotzen jarraitzen du Europako zein Latinoamerikako merkatuetan. Bereziki, profesionalei zuzendutako jaialdia da honakoa. Azaldu dutenez, aurkezpenak, neurrira eginiko topaketak, bilerak eta bestelako jarduera paraleloak antolatuko dira hauentzat.

Egitarau osoa hemen ikusgai.

Aurtengo dFERIA Arte Eszenikoen Jaialdiaren programazioaren laburpen bideoa.

Zabaldu: